Joan den astekoak eginda, oraingo astean lau egunez ibiliko dira Patria lantaldekoak Soraluzen: gaurtik eguenera. Erdigunean, Ola-Errekalde inguruan, eta Ezozibide aldean grabatzeko eskaerak dituzte eginda, besteak beste.
Ohi denez, dagoeneko ezagun askoak egiten zaizkigun aktore euskaldunekin batera herriko bertako eta inguruko aktore amateurrak ikusiko ditugu.
Joan den astean, esaterako, soraluzetarrekin batera, Bilbotik, Gasteiztik, Zumarragatik eta beste hainbat udalerritatik bertaratutako figuranteak izan ziren.
Andaluzia, Madril, Bartzelona...
Oro har, bada, egunotan leku mordotatik etorritako bisitariak dabiltza Soraluzen gora eta behera. Izan ere, telesaileko lantaldea bera ere Estatuko leku ugaritako langilez osatuta dago; badago, esaterako, Andaluziako, Madrilgo eta Bartzelonako lagun mordoxka bat. Euretako hainbatek dagoeneko egin ditu "laguntxoak" Soraluzen.