Plastikoen erabilera eta kontsumoa gutxitzea ezinbesteko ikusten dute gazteek

Ubane Madera 2019ko mai. 9a, 12:20
Gazteak eta erakundeetako ordezkariak Plaza Berrian, osoko bilkura eta gero.

Soraluzeko institutuko 1. 2. 3. eta 4. mailako 30 bat gaztek hondakinen gaiarekin eta bereziki, plastikoekin dituzten kezkak eta proposamenak helarazi dizkiote Iker Aldazabal alkateari gaur goizean, eguena, osoko bilkura berezian. Eskolako Agenda 21 ekimenaren baitan, besteak beste, plastikoen erabilera gutxitzeko neurriak proposatu dituzte, Udalari berari, herritarrei zein merkatariei zuzendutakoak.

Iaz Agenda 21 ekimenaren baitan Soraluzeko Udalari egindako proposamenak gogora ekarri eta gero (urarekin eta ibaiarekin lotutakoak) aurtengoak mahai-gaineratu dituzte gazteek osoko bilkuren aretoan goizean egindako bilkura berezian. Debegesako Aitziber Kortazar Turismo eta Garapen Jasangarria saileko arduraduna eta Iker Aldazabal alkatea bertan zirela egin dute batzarra.



Laburbilduz, Soraluzeko institutuko gazteek uste dute plastikoak gehiegi erabiltzen direla, bai kontsumitzaileen eta baita ere produzitzaileen aldetik, eta haien erabilera nabarmen gutxitu beharko litzatekeela, kontuan hartuta eragiten duten kutsadura.

Zentzu horretan, eta gazteen euren eskutik, hainbat konpromiso eta eskaera egin dizkiote Soraluzeko Udalari. Batzuk aipatzearren:

Konpromisoak:

  • Plastikoak birziklatu, berrerabili eta gehiago erabili behar ez direnean birziklatzera bota.
  • Plastiko gutxien dituzten produktuak aukeratu.
  • Zaborrak lurrera ez bota.
  • Erosketetara oihal poltsak eraman.


Eskaerak:

  • Saltokiek paperezko poltsak ematea.
  • Herritarrei plastikoen erabileraren arriskuaz informatzea.
  • Zaborrak lurrera botatzea saihesteko neurriak hartzea.
  • Frontoian gaikako zaborrontziak jartzea.
  • Hilean behin herria plastikoz garbitzeko hitzordua egitea.


Herritarrendako eskaerak:

  • Kartoizko eta kristalezko ontziak erostea.
  • Emakumeek konpresak barik kopak erabiltzea.
  • Gizonezkoak bota behar ez diren bizarra kentzekoak erabiltzea.
  • Fruten zukuak etxean egitea.
  • Arropa eskegitzeko egurrezko pintzak erabiltzea.


Bestelako eskaerak:

  • Futbolean jarduteko espazioa.
  • Erabiltzen ez diren lantegiak botatzea eta espazio haietan herritarrendako zerbait egitea.
  • Skate parkea.
  • Errekan bainutokia egokitzea.
  • Gaztetxea eurek ere erabili ahal izatea.

Alkatearen erantzunak

Iker Aldazabal alkatek banan-banan erantzun die kezkei eta proposamenei, goian azaldutakoei eta gazteek egindako guztiei. Erantzunetako batzuk aipatzearren, gazteei jakinarazi die badabiltzala Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearekin elkarlanean hondakinen bilketa optimizatzeko.

Plastikoei buruz, berriz, alkateak esan die egin direla eta egiten direla sentsibilizazio kanpainak eta jarduteko modu asko herritarren euren esku dagoela.

Lantegi zaharrak bota eta espazio berriak sortzeari buruz, berriz, SAPAren lehen eraikinarekin lotuta Soraluzeko Udalak eta lantegiaren jabeak egindako hitzarmenaren berri eman die.

Frontoian gaikako zaborrontziak jartzeko aukera aztertu egingo dutela esan die alkateak gazteei. Skate parkeari dagokionez, berriz, jakinarazi die egurrezkoa egin barik hormigoizkoa egin nahi dutela, eta horretarako diru gehiago behar dutenez, hori lortu nahian dabiltzala. Eta jakinarazi die hurrengo pausoa izango dela paddle pista eta etorkizuneko skate gunearen esparrua estaltzea.

Eta futbolean jarduteko espazioei buruz, gogora ekarri die frontoian badutela bat eta eskolako patioa asteburuetan itxi egin behar izaten dutela ekarri du gogora, bertan grafitiak, apurketak eta bestelako bandalismo jokabideak egiten dituztelako hainbatek.

Gaztetxeari buruz, berriz, jakinarazi die haren funtzionamendua gazte asanbladak erabakitzen duela eta bertako kide baten berri eman die harekin harremanetan jarri eta gazteen eskaerak berari helarazteko.

Eta batzarra bukatzeko, besteak beste, gazteei alkateak jakinarazi die laster hasiko dituztela institutua zaharberritzeko obrak. Bertan igogailua jartzeaz aparte, oro har, ikastetxea berritu egingo dutela esan die alkateak gazteei. Amaitutakoan, mokadutxoa jatera joan dira.