“Itxaropentsu gaude eta uste dugu lortuko dugula GARAren proiektua aurrera ateratzea” Mikel Zubimendi

Egoitz Unamuno 2019ko mai. 8a, 10:25

Mikel Zubimendi Garako kidea, atzo, Arranoan.

Gararen egoera zein den eta harpidetza kanpaina zertan den azaldu zuen atzo Mikel Zubimendi Garako kazetariak Arranoan. Itxaropentsu azaldu zen Zubimendi, "herritar asko ari direlako harpide egiten eta elkartasun ekimenetan ere jendetza ari delako parte hartzen. Soraluzen, esaterako, 30 harpidedun lortzea zen helburua eta dagoeneko 34 herritarrek egin dute harpidetza”.

Orain dela hilabete batzuk Gara egunkariak harpidetza kanpaina abiatu zuen Espainiako ogasunak ezarritako “zor bidegabea”ri aurre egiteko. Izan ere, Espainiako ogasunak 3 milioi euroko zorra ezarri zion Garari, bere garaian Egin egunkariaren itxieratik sortu zena.  Garak 10.000 harpidedun lortu nahi ditu zorra ordaindu eta komunikazio proiektua indartzeko.   

Soraluzen, hainbat herritarrek batzordea sortu dute Garari helburu hori betetzen laguntzeko eta atzo, batzordeak gonbidatuta, Mikel Zubimendi Garako kazetariak hitzaldia eskaini zuen Arranoan. Zubimendi oso gustura azladu zen harpidetza kanpaina herritarren aldetik jasotzen ari den erantzunarekin: “Herri askotan sekulako lana egiten ari dira. Soraluzen, esaterako, 30 harpidedun lortzea zen helburua eta dagoeneko 34 herritarrek egin dute harpidetza. Euskal Herritik kanpo ere ari dira: Hego Ameriketako euskal etxeetan, Sydneyn… Askotan zalantza egiten da hemen herri bat baden, baina gu argi ikusten ari gara herria hor dagoela, antolatua eta laguntzeko gertu. Egoera zaila da baina halako herria eta komunitatea atzean izateak lasaitasun handia ematen du”.

Ekainaren 9an, Donostiako Belodromoan Gararen alde antolatu duten musika jaialdia ere aipatu zuen Zubimendik: “Gonbidatu ditugun artistek baietz esan digute Berri Txarrak, Evaristo… Eta lehenengo egunean milaka sarrera saldu ziren. Orohar elkartasun kanpaina herritarren aldetik jasotzen ari den babesa sekulakoa da. Jendeak ulertu du herri honek asko duela jokoan eta bere babesa ematen ari dira. Herri kulto bat nahi dugu, komunikazioaren monokultibotik aldendua eta horretarako Gara-Naiz proiektua beharrezkoa da”.   

Gara-Naiz komunikazio proiektuaren etorkizunaz ere jardun zuen eta zentzu horretan, prentsa digitalean Naiz.eus izaten ari den gorakada azpimarratu zuen: “Bizpahiru urtean digitalean sekulako aurrerapausoa eman dezakegula ikusten dugu. Diario Vasco eta Correo moduko komunikabideak beherantz doaz eta gero eta madrildartuago daude. Gu berriz, goranzko bidean goaz eta aurreikusten dugu urte gutxian euren parean jar gaitezkeela. Lehen egunkari xaharrak sostengatzen zuen proiektua baina orain, gero eta gehiago, interneta eta enterneterako ahrpidetzak dira proiektua sostengatzen dutenak. Bestalde, guretzat helburua da euskal espazio komunikatiboa eraikitzea, eta bide horretan ahaleginduko gara beste medio batzuekin kooperazio estrategikoak eraikitzen”.

Harpidetza mota ugari

Harpidetza egiteko dauden aukeren berri ere eman zuten. "Aukera zabala da. Urtean 36 euroko prezioa duen Gazte laguntza izeneko harpidetza motatik hasi eta urtean 1.200 euroko prezioa duen Gara papera elkartasun berezia izeneko harpidetzara arte.  Harpidetza hauen bitartez, Garak hainbat eduki eskura izateko aukera eskaintzen dio harpidedunari, hasi webguneko Premium albisteetatik eta paperezko egunkari eta gehigarriak etxean jasotzeraino".

Harpidetzen gaineko informazio guztia Naiz-en webgunean aurkituko duzu.