Asteburuko manifestazioetara joateko deia

Ubane Madera 2019ko mai. 7a, 19:39
Pentsioen alde, atzo, maiatzak 6 egindako elkarretaratzea.

Zapatuan, “pentsio publiko duinen” alde kalera irteteko mobilizazioak antolatu dituzte hiriburuetan, eta Debabarreneko kasuan, baita Eibarren ere. 12:00etan da hitzordua, Untzagatik abiatzeko. Soraluzetik bertan parte hartuko dute Pentsiodunen Mugimenduko kide gehienek.

Eibarko manifestazioan sei aldarrikapen nagusi egiteko baliatuko dute manifestazioa: 2011ko eta 2013ko Lan Erreformak bertan behera lagatzea; jasangarritasun faktorearen legea bertan behera lagatzea; pentsioak Konstituzioan blindatzea; KPI erreala aplikatzea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta genero arrakala ezabatzea.

Soraluzeko asteleheneroko elkarretaratzean ekarri zuten gogora oraingo asteburuan ere mobilizazioak izango direla, eta haietan parte hartzeko gonbita egin zieten protestara hurreratu ziren herritarrei. 60 herritar pasak parte hartu zuen atzoko mobilizazioan. Eta, oro har, pasa berri dugun Maiatzaren Lehenaren bueltan, honako aldarrikapenak ekarri zituzten gogora:

  • "1080 euroko gutxieneko pentsioa, pentsio txikienek sortzen duten txirotasun egoerekin amaitzeko modu orokor batean, eta zehatzago batean, emakumeonarekin amaitzeko.
  • 1.200 euroko gutxieneko soldata. Lan eta Pentsio Erreformak bertan behera uztea.
  • Politika fiskalean sakoneko aldaketa egitea.
  • Euren lege kontsituzionalen gainetik pasatuz, lapurtu dizkiguten eskubide sozialak buelta diezazkigutela".