Lorategi berria, Iturburu pasealekurako

Ubane Madera 2019ko mai. 7a, 10:21

Atzo, astelehena, Iturburu pasealekuan zeuden zuhaitzak, magnoliak bota egin zituzten. Izan ere, berdegune hartan lorategi eta ortu berriak egokitu nahi ditu Udalak, eta zuhaitzen itzalekin ezinezkoa da haien azpian landare-lorerik hastea. Bergarako Zuhaitz enpresa dabil lanak egiten.

Hiru gune izango ditu Iturburun egokituko duten berdeguneak: zentrala, erdikoa izango da ortua; kiroldegi ondokoan, berriz, lorategia egokituko dute, eta gauza bera egingo dute Gogortuz fisioterapia aldera dagoen berdegunean. Laburbilduz, albo bietan lorategia eta erdigunean ortua izango ditu.

Hori guztia egongo da hesituta, egurrezko hesiarekin, landareak babestuta egon daitezen. Lore-landareak txikitik handira landatuko dituzte, eta paretaren kontra landare-lore igokariak landatuko dituzte. Proiektuaren aurrekontua da 8.450 euro (BEZa kanpo).

Arrapala eta beste

Lorategia egokitzen hasi aurretik, baina, Iturburu pasealekua eta Gogortuz fisioterapia zentroaren beheko lokala lotuko dituen arrapala eraikiko dute. Obrak egunotan hasiko dira; eta arrapala bukatu ondoren hasiko dira lorategia egokitzeko lanak egiten.

Bestalde, asteotan hasiko dira, baita ere, leku berean dagoen harrizko etxea, okinena berritzen. Etxearen fatxada eta teilatua berrituko dituzte, besteak beste.

Datozen asteotan, bada, eraldaketa handia antzemango da Iturburu pasealekuaren zati hartan. Atzo, astelehena, hainbat herritar eta inguruko bizilagun triste zeuden, bertako “zuhaitz ederrak” bota zituztelako eta haien gerizpe gozoa galdu dutelako.

Beste batzuk, berriz, gustura zeuden aurrerantzean etxebizitzetara argitasun handiagoa eta udan mamorro gutxiago sartuko direlako, eta pasealekuan lorategia eta ortua egokituko dituztelako.  

Erlazionatuak

Zatika moztu zituzten

Ubane Madera 2019 mai 07 Soraluze