Egoitzetako langileen “baldintzak prekaritzatzen” jarraitzen dutela salatuko du ELAk

Ubane Madera 2019ko mai. 6a, 19:08
Egoitzako langileak protestan, martxoan.

Bihar, martitzena, Bergaran hitzordua egin du ELA sindikatuak “bi urte baino gehiagoan” Gipuzkoako Zahar Egoitzetako “emakumeak” egiten dabiltzan aldarrikapenen berri emateko. Hitzordua da 13:00etan Munibe plazan. Lehenago, 09:30etik 12:30era bitartean etxez etxe gutunak banatuko dituzte Debarroko hainbat herritan, tartean Soraluzen.

09:30etik 12:30ak bitartean etxez etxe pasatuko dira Mesedeetako egoitzako hainbat langile esku-orriak banatzen. Iazko urritik egiten dabiltzan grebaren arrazoiak eta euren aldarrikapenak helaraziko dituzte modu horretan. “Bi urte baino gehiago daramatzagu hitzarmena sinatu gabe eta gure baldintzak hobetzeko eskaera egiteaz aparte kalitatezko zerbitzu bat aldarrikatzen dugu”, laburbiltzen dute.

Mezu bera duten esku-orriak banatuko dituzte Debarroko beste honako herrietan ere bai: Eskoriatzan, Oñatin, Arrasaten, Bergaran, Eibarren eta Mutrikun. Eta ondoren, 13:00etarako bat egingo dute Bergarako Munibe plazan ELA sindikatuak deitu duen ekitaldian.

%30eko soldata arrakala

ELA sindikatuak, oro har, “kalitatezko lan-baldintzak” aldarrikatzen ditu egoitzetako langileendako, “herritar guztiok gure bizitzako azken ureetan merezi dugun zaintza jaso ahal” izateko. Eta, besteak beste, salatzen du zaintza “historikoki emakumeok egin dugun lana” profesionalizatu denean “oso lan-baldintza txarrekin” izan dela.

Adibide modura, adierazten dute “gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen” dutela, “6.000 euro gutxiago urtean, emakume izate soilagatik”. Eta bestelakoen artean, Gipuzkoako Aldundiak “ELA eta patronal nagusien arteko akordioa faltsutu” egin zuela eta “akordio bat egon denik gezurtatu” egin duela.