Soraluzetarrendako enplegua sortzeko diru-laguntzak

Ubane Madera 2019ko mai. 6a, 09:10
Mendiola industrialdea.

Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak emango dizkie soraluzetarrendako enplegua sortzen duten enpresei, udalerrikoei zein eskualdekoei. Indartu izeneko programaren bitartez, hain justu, itzuli beharrik gabeko laguntzak emango dizkie hainbat baldintza betetzen dituzten enpresei.

Enplegua sortzeko “inbertsio produktiboa” egingo duten enpresendako diru-laguntza programa abiarazi du Eusko Jaurlaritzak: Indartu. Bestela esanda, itzuli beharrik gabeko laguntzak emango dizkie honako ezaugarriak dituzten enpresa handi, txiki zein ertainei:

Erauzketako, eraldaketako edo produkzioko industria-enpresak izatea, edo zerbitzu tekniko aurreratuak eskaintzea era horretako enpresentzat (produktu-prozesuari lotutakoak); hala nola, zerbitzu logistikoak eskaintzen dituzten enpresak izatea, garraioari lotutakoak izan ezik.

Langabezia tasarengatik 

Laguntzen kopuruak ezin izango ditu gainditu 3.000.000 euroak, ez enpresako eta ezta ere enpresa taldeko. Itzuli beharrik gabeko laguntzak izango dira, jaso daitekeen inbertsioaren %10ekoak . Eskaerak aurkezteko epea, berriz, irailaren 30era arte dago zabalik.

Diru-laguntza hauek daude zuzenduta, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko urteko langabezia tasaren batezbestekoa %20an gainditzen duten udalerriak indartzera. Eta, hain justu, Soraluze baremo horretan sartzen da. Debabarrenean, Debegesa Garapen Agentziaren bitartez bideratuko dira laguntzak. Informazio gehiago hemen klikatuta

Inbertsio handiak

Dirulaguntzak eskuratzeko baldintzetan zehazten denez, "gutxieneko inbertsio onartua" ondorengoa izango da: "Enpresa handiek, gutxienez, 2.000.000 euroko inbertsio onartua egin beharko dute, eta enpleguaren mantentzea; ETEek, aldiz, gutxienez 500.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute, eta enpleguaren mantentzea. Enpresa hauen inbertsioak ere onartuko dira: aurreko paragrafoan adierazitako gutxieneko inbertsio onartura iritsi ez arren, gutxienez 50 lanpostu sortzen badituzte (enpresa handien kasuan) edota gutxienez 15 lanpostu garbi sortzen badituzte (enpresa txiki eta ertainen kasuan)".