Errabal kalea itxita, eraiste lanengatik

Ubane Madera 2019ko mai. 3a, 11:07
Langileak teilatuan lanean.

Gaur, barikua, tarteka itxi egingo dute Errabal kalea. 14. atariari dagokion etxearen egitura botatzen hasi dira eta segurtasuna bermatzeko, hesitu egin dute kalea alderik alde, pasabide estua libre lagata; bertatik oinez pasa egin daiteke, hori bai.

Gurpildun aulkien erabiltzaileei dagokienez, Errabal kaletik pasatu beharra izanez gero, obretako langileei eskaera egin eta gelditu egingo dituzte lanak.

Datorren astean bukatu

Oraingo astean bota beharreko bi eraikinak barrutik husten ibili dira, eta besteak beste, amiantoz garbitu egin dituzte etxeok bota ahal izateko. Aurreikuspena da eraiste lanak datorren astean bukatzea.