Hondakinak gazteen agendan

Ubane Madera 2019ko mai. 3a, 09:06

Eskolako Agenda 21 ekimenaren baitan iaz egindako osoko bilkura.

Hondakinei buruz haur eta gazteen artean gogoeta eta kontzientzia pizteko, Debabarreneko azpiegiturak eta hondakinen kudeaketa ezagutarazteko eta ingurunearekiko errespetua sustatzeko helburuarekin, hondakinen gaia landu dute Soraluzeko DBHkko ikasleek. Landutakoaren ondorioak udal ordezkariei aurkeztuko dizkiete ikasleek eurek, maiatzaren 9an, osoko bilkura berezian.

Maiatzaren 9an, 09:45ean dute hitzordua Soraluzeko institutuko 1. 2. 3. eta 4. mailako 30 gaztek Soraluzeko Udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Osoko bilkura berezia egingo dute egun horretan. Eta bertan, gazteek eurek aurkeztu ahal izango dizkiete udal ordezkariei langai izan duten hondakinen gaian atera dituzten ondorioak.

Besteak beste, eta institututik azaldutakoaren arabera, gazteek plastikoen erabilera gutxitzeko beharra ikusi dute eta eskatuko diote Soraluzeko Udalari kanpainaren bat egin dezan zentzu horretan.

Iaz, ura

Eskolako Agenda 21 egitasmoaren baitan landu dute aurten hondakinen gaia Soraluzeko neska-mutikoek, hiru pauso oinarri izanda: murriztu, berrerabili eta birziklatu. Iaz, berriz, ibaiaren garbitasuna, iturrietako ura eta besteak beste, skate parkea izan zituzten berbagai.


Ohi bezala, institutuak Soraluzeko  Udalaren, Ingurugelaren eta Debegesa garapen agentziaren laguntza izan du Eskolako Agenda 21 lantzeko. Halaber, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako egitasmoa da.