Zabalik da balkoien eta leihoen lore lehiaketan izena emateko epea

Ubane Madera 2019ko mai. 2a, 11:41

Iazko balkoi lehiaketako irabazlea, lorez betetako balkoian.

Maiatzaren 31ra bitartean eman daiteke izena Soraluzeko Udalak antolatutako IV. Balkoietako eta Leihoetako Lore Lehiaketan. Epaimahaiak ekainaren 1etik 10era bitartean egingo ditu parte-hartzaileen balkoien eta leihoen ikustaldiak, eta sariak ekainaren 11n banatuko dituzte: 150 euro eta 75 euro.

Laugarren urtez jarraian antolatu du Soraluzeko Udalak Balkoietako eta leihoetako lore lehiaketa. Lehiaketa honen bitartez, leiho eta balkoiak lorez hornitzeko ohitura berreskuratzen lagundu nahi du Udalak, herriko bazterrak kolorez janztearekin batera.

Hori horrela, balkoi edo leihoa duten Soraluzeko etxebizitzetako jabe edo errentariak diren edozein bizilagunek parte har dezake ekimenean. Nahikoa da izen-abizenak eta balkoia edo leihoa identifikatzeko helbidea ematea udaletxean bertan edo telefonoz deituta 943 75 30 43 zenbakira maiatzaren 31 aurretik.

Ekainaren 11n

Izan ere, lehiaketa bera ekainaren 1etik 10era bitartean gauzatuko da; hain justu, egun horietan pasatuko dira epai-mahaiko kideak (udal teknikariak) lehiakideen leihoak eta balkoiak ikuskatzera. Gero, sariak ekainaren 11n banatuko dituzte, 11:00etan, Plaza Berrian.

Bi sari izango dira: 150 eurokoa lehena eta 75 eurokoa bigarrena. Epaimahaiak baloratuko duena, berriz, honako hauxe: originaltasuna, apainketaren kalitatea armonia eta diseinua eta iraunkortasuna eta jasangarritasuna.

Iaz sei herritarrek parte hartu zuten lehiaketan eta Imielda Jesus Mateo (Fatima) eta Maria Lourdes Vazquez Barrenetxea izan ziren saridunak, hurrenez hurren.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.