40 bat neska-mutiko Eskola Bidean

Ubane Madera 2019ko mai. 2a, 12:44
Eskola Bidea egiten duen Txurruken-Errekalde inguruko taldea, talde gorria.

Gaur, maiatzaren 2, Eskola Bideari buruzko erakusketa zabalduko dute kiroldegian. Helburua da proiektura erabiltzaile gehiago erakartzea. Gaur gaurkoz, 40 neska-mutikok dihardute Eskola Bidean parte hartzen.

Haurrekin eurekin sortutako ekoizpenak oinarri izango ditu gaur, eguena, kiroldegiko erakusketa aretoan zabalduko duten erakusketak. Aste Santu aurretik eskolan egin diren saioen osagarri, erakusketaren helburua da Eskola Bidea ekimenera familia gehiago erakartzea.

Gehienak euren kabuz

Izan ere, otsailaren 25etik martxoaren 20ra bitartean berriro ere hasi zen, helduen laguntzarekin, eskolara oinez eta taldean joateko Eskola Bidea egitasmoa.

40 bat neska-mutiko ari dira ekimenean parte hartzen, eta, asteotako esperientziaren ondoren, baloratu zuten erdiguneko bideetan (bide urdinean eta horian) eta bide berdearen azpiko besoan (Gabolatsetik datorren bidean) umeak “oso ondo datozela euren kabuz eta modu autonomoan”; beraz, horrela dabiltza harrezkero.

Partaide kopuruari dagokionez, balorazioa are positiboagoa da, ekimenaren bultzatzaile den Herrixak Heziko kideen ustez: "Batez ere, kontuan hartuta azken hilabeteotan udalerrian egon diren aldaketak, obrak eta Patriako grabazioek eragindako oztopoak".

Etorri eta parte hartu

Gainera, eskolan saio gehiago egin dituzte, batez ere, oinezkoen ardurak lantzeko, eta haurrekin batera ari dira sortzen arautegi propioa edo dekalogoa, egitasmoa finkatu eta aurrera segi dezan.

Gogoratu, Eskola Bidean parte hartu nahi duenarendako ateak zabalik daude. Udalerriko hainbat puntutan ezarrita dauden geltokietara bertaratu eta taldera batzea besterik ez da egin behar.