Nork isuri zuen zianuroa?

Egoitz Unamuno 2019ko api. 26a, 09:54
Arrainak hilda errekan.

Otsailean bete da urtebete ibaira isuritako zianuroak ingurugiroan sarraskia eragin zuenetik. Hala ere, oraindik ez da jakin zer gertatu zen zehazki edo, behintzat, ez da publiko egin. 

Bergarako enpresa bat omen
Uraren Euskal Agentziak Plaentxia.eusi eta Soraluzeko Udalari adierazi dionez, iazko irailean agentziak “zehapen espediente bat” ireki zuen “Bergarako enpresa baten kontra” eta, ostean, “Ertzantzak epaitegietara eroan zuen enpresa”. Agentziaren esanetan, Ertzantzari dagokio hortik aurrerako pausoen berri ematea.
Plaentxia.eusek Bergarako Ertzantzari eskatu dio prozeduraren gaineko informazioa, baina, oraingoz, Ertzantzak, prozedura hori zabalik dagoela baieztatzeaz gain, ez du eman berorren gaineko informazio gehiagorik, ez eta ustez isuriaren ardura izan zuen enpresaren izenik ere. Hala ere, adierazi dute datozen egunetan informazioa helaraziko dutela.

Ur zikinak ibaira

Oraindik ere badira ur zikinak zuzenean ibaira isurtzen direnak, esaterako: Sagar Errekako industrialdekoak, putzu septikorik ez duten baserrietakoak, Kalebarreneko karkaba parean dagoen hodikoak... Alkateak jakinarazi duenez, URAk agentziak Udalari adierazi dio "epe motzean" Sagar Errekako ur zikinak araztegira bideratuko dituztela. Bestalde, Udalak jarraituko du Ur Kontsortzioari eskatzen Kalebarreneko karkaban ibaira isurtzen diren ur zikinak araztegira bidera daitezela.