Tratu txarrak eragitearren adinez txikiko bat salatu dute

Erredakzioa 2019ko api. 20a, 09:20
Emakumearen hanka kolpeekin.

Soraluzeko adinez txikiko bat salatu dute, 58 urteko emakume bati agresioa egitearren. Bergarako Ertzain etxean aurkeztu zuen salaketa emakumeak joan den apirilaren 4an. Orain, Adinez Txikikoen Fiskaltzatik deituko diote gazteari, deklarazioa hartzeko.

G.M.H. emakumeak aurkeztutako salaketaren arabera martxoaren 30ean izan ziren gertakariak. PSOEren taberna kanpoan erretzen zegoela, adinez txikikoak zigarro bat eskatu zion. Andreak, berriz, ukatu egin zion hura, esanez adinez txikikoa zela eta “berarekin oso txarto portatu” izan dela ordura arte. 

Beti ere salaketaren arabera, horren ondoren, adinez txikikoak abrigoaren lepotik oratu eta tirakadak eman zizkion. Eta haiek eraginda jasan zituen emakumeak hainbat kolpe eta bihurritua egin zuen ezkerreko hankan. G.M.H.-k gaineratu duenez, berba zatarrak ere esan zizkion adinez txikikoak.
 
Emakumea Mendarora joan zen egun horretan, medikuarengana eta hurrengo astean salaketa jarri zuen Bergarako Ertzain etxean.
 
Hiru urte

Horrez guztiaz aparte, emakumeak salatu zuen, oro har, badirela hiru urte adinez txikiko horren tratu txarrak jasaten dituela, bereziki, biraoak.
 
Gaineratu zuen martxoaren 30eko eraso fisikoa egin arte, ahoz egindakoak izan direla, herriko hainbat puntutan eta emakumezkoa etxeko balkoian dagoela.

Orain, salaketa eginda, adinez txikikoak zitazioa jasoko du Adinez Txikikoen Fiskaltzatik, deklaratzera joan dadin.