Martitzenean hasiko dira ur hornikuntza-sarea berritzeko lanak Errekalden

Egoitz Unamuno 2019ko api. 19a, 18:08

Errekalde kalea. Argazkia: Udala.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioak ur hornikuntza-sare orokorra eraberritzeko lanak hasiko ditu apirilaren 23an, Errekalde kalean. Lanek bi aste iraungo dute.

Errekalde kaleko 2 eta 10 zenbakien artean burutuko dituzte lanak, etxeetara ura eroaten duten hornikuntza-sareko hodi zaharrak kenduz eta berriak ezarriz. Excavaciones Ekin enpresak jardungo du lan horretan, bi astez.

Udalak jakinarazi duenez, lanei buruzko edozein kontsulta egin nahi izanez gero, 902302222 edo 943718023 telefonoetara deitu daiteke.

Urtero zati bat

Alkateak azaldu duenez, Ur Kontsortzioaren ardura da etxeetarako ur hornikuntza-sarea egoera onean mantentzea. Hori dela, urtero, sarearen zatiren batzuetan, hoditeria zaharberritzeko lanak bideratzen ditu, zeregin horiek finantzatzeko onartua dagoen inbertsio planaren bitartez. Izan ere, hodiek, zahartzen direnean, ura galtzen dute.

Aurten, dagoeneko, inbertsio planean jasotako bi lan burutu dira. Estolderia hodiak berritu dira Baltegietan, eta ur zikenen eta euri uren hodiak bereiztu eta hornidura hodiak zaharberritu dira Ezozibidean -Euri urak bideratzeari dagokion lanaren partea Udalak finantzatuko du, bere eskumena baita-. Horiekin batera, eta Udalak urbanizazio lanak egin behar dituela aprobetxatuz, herriko beste hiru kaletan ere bideratuko dira lanak: Gabolatsen, Errabalen eta Alenjandro Calongen. 

Lan asko egiteko

Herrian, urak bideratzen dituzten hiru hodi mota daude: hornikuntza hodiak, Urkuluko hodi nagusiko ura etxeetara bideratzen dutenak; saneamendu hodiak, etxeetako ur zikinak jaso eta ibaiko kolektorena bideratzen dituztenak, ondoren Elgoibarko araztegira eroateko; eta, azkenik, euri urak batzen dituzten hodiak, euren emaria zuzenean ibaira isurtzen dutenak.

Aurreneko bi hodi moten eskumena Ur kontsortzioarena da eta erakunde hori arduratzen da horien mantentze-lanez. Ostera, euri uren hodien eskumena Udalarena da, eta, hortaz, Udalari dagokio hodiak zaharberritzeko lanak burutu eta ordaintzea.

Oraindik ere asko dira berritu barik dauden estolderia zaharrak, eta kasu horietan, ur zikinak eta euri urak hodi berean doaz. Poliki poliki, Ur Kontsortzioa eta Udala bi jario horiek bereizteko lanak ari dira bideratzen, izan ere, euri urek alferrikako eta gehiegizko ur gainkarga sortzen baitute araztegian.

Horrez gain, herrian badira oraindik saneamendu sistemara bideratu barik dauden ur zikinak, zuzenean ibaira isurtzen direnak: Sagar Errekako lantegi batzuetakoak, Kalebarreneko etxe batzuetakoak eta beste hainbat. Lan horiek burutzearen ardura Kontsortzioarena da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.