250.000 euroko hitzarmena sinatuta

Ubane Madera 2019ko api. 16a, 11:41

Patricia Borinaga, Iker Aldazabal eta Denis Itxaso elkarri eskua ematen, alkatearen bulegoan, atzo. Argazkiak: Gipuzkoako Foru Aldundia

Soraluzeko Udalak eta Gipuzkoako Diputazioak atzo, astelehena, sinatu zuten kiroldegia handitzeko proiektuari dagokion hitzarmena. Hari esker, 250.000 euroko dirulaguntza emango dio Diputazioak Udalari, 568.000 euroko aurrekontua duen obra egin ahal izateko. Denis Itxaso kirol diputatua bertaratu zen eta Udal Gobernuko kideen eskutik jaso zituen obraren gaineko nondik norakoak.

Atzo, astelehena, bertatik bertara esplikatu zioten Denis Itxasori, Kultura, Turismo, Gazteria, Kirol eta Lankidetza diputatuari kiroldegia handitzeko proiektua, atzo goizean. Iker Aldazabal alkateak eta Patricia Borinaga alkate-ordeak gidari lanak egina, kiroldegiko terrazara joan eta han eraikiko duten solairu berriaren gaineko xehetasunak helarazi zizkioten Itxasori, 250.000 euroko dirulaguntzarengatik eskerrak emateaz batera.

Goian kirolak, barruan kultura

 “250.000 euroko laguntzari esker, kiroldegiaren handitzea gauzatuko da, eta benetan eskertzekoa da hori, ze horrek ahalbidetuko du gaur egun apenas erabiltzen ez den esparruan 450 metro koadroko espazioa irabaztea. Eta solairu berria kirol azpiegituretarako erabiltzeari esker, kiroldegiaren barruan libre geratuko den espazioa kultura jardueretarako bideratu ahalko da”, azpimarratu du Iker Aldazabal alkateak.

Epea zabalik

Soraluzeko Udal Gobernuaren asmoa da urte amaieran edo datorren urtearen hasierarako gertu izatea solairu berria, kontuan hartuta, bereziki, “kiroldegiak dituen 950 bazkide baino gehiagorendako espazioa “txiki” geratu dela eta dagoenak ez duela “gehiagorako ematen”, beraz, “behar-beharrezko” proiektua da handitzea, alkatearen esanetan.

Hori horrela, dagoeneko zabalik dago obra proposamenak aurkezteko epea. 20 egun izango dituzte enpresek proposamenak egiteko. Gero haiek aztertu eta obra adjudikatuko dute, sei hilabeteko exekuzio epea ezarrita.