Pentsioen arazoa "artifizialki" eraikitakoa dela salatu dute gaurko elkarretaratzean

Ubane Madera 2019ko api. 15a, 16:00
Gaur Plaza Berrian egindako elkarretaratzea.

“Sekula ez da eskubiderik lortu borrokatu barik” adierazi dute gaur pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean. Miren Etxezarretaren, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta London School of Economics-en Ekonomian Doktoreak esandakoak dira.

Pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzea egin duten bitartean, gaur, Miren Etxezarretari ETB2 katean egindako elkarrizketa bat ipini dute entzungai.

Diskurtso mamitsua landu du ekonomian adituak. Azpimarratu du pentsioen arazoa konpontzea gizartearen esku dagoela: “Gizartea guztiz konbentzituta egon behar da pentsioa izateko eskubidea mantendu eta handitu egin behar dela. Herritarrek ahalegina egin behar dute, orain arte beti egin den moduan: sekula ez da izan eskubiderik horiek lortzeko borroka gogorrik egin barik. Gizarteak izan behar du jokoan dagoenaren kontzientzia eta borroka egiteko gertu egon behar du, beti borrokatu izan den moduan”.  

Gastu publiko bat gehiago

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Ekonomian Doktorea den eta London School of Economics-en Masterduna den adituak gaineratu du pentsioen arazoa ez dela existitzen, nahita eraikitakoa dela, baizik: “Hainbat iritzi eta erabakigunetako foroetan, helburua da pentsioekin arazoa dagoela sinistaraztea. Baina pentsioen arazoa ez da finantzazio publikoarekin lotutako beste edozein gai baino ez handiagoa eta ezta txikiagoa ere. Beraz, ez dago zertan singularizatu. (…). Kolektibitateak zerga bidez finantzatzen dituen gastu publikoak baldin badaude,  zergatik ezin dira modu berean finantzatu pentsioak? (…) Eta gaur egun, bakarrik langileek euren kotizazioekin ordaintzen duten zergekin nahikoa ez bada, pentsioak finantzatu beharko dira bestelako gastu publikoak moduan: errepideak moduan, erakundeak moduan, armada moduan, Erret Etxea moduan… zerga bitartez eratutako fondo komun batetik finantzatzen dira. Arrazoitu beharko lukete zergatik banantzen dituzten pentsioak bestelako gastu publiko horiengandik”.

 Artifizialki eraikitakoa

Etxezarretak gaineratu du, laburbilduz, honekin guztiarekin irabaziak ateratzen dituztenak direla ente finantzarioak, banketxeen esku dauden pentsio pribatuak baliatuta. “Pentsioen alorrean ez da existitzen benetako krisirik, sozialki, artifizialki eraikitako krisia da. Modu horretan, jendea beldurtu egiten da eta pentsio pribatuak egiten dituzte, eta horiek mesede egiten diete entitate finantzarioei”. Eta esan du, beteak beste, pentsio pribatuengan ere ez dagoela konponbiderik: arrisku handikoak direlako, ez dituztelako ematen iragarritako benefiziorik, eta gainera, oso garestiak direlako (…).

Erreforma fiskala 

Gauzak horrela, erreforma fiskala egin beharra dagoela azpimarratu du Etxezarretak: “Une honetan, zergen %75 baino gehiago ordaintzen dute langileek IRPFaren bitartez eta kontsumitzaileek BEZaren, aldiz, kapitalaren irabaziek bakarrik ordaintzen dute zergen %20a. Nik planteatzen dut parte horiek aldatuko dituen erreforma fiskala egitea. Izan ere, pentsioen erreforma batek eskatzen du erreforma fiskal sakona ere egitea”.