Geroago eta dementzia kasu gehiago eta geroago eta gazteago antzematen dira. Hori jakinda, eta mota horretako gaixotasunek familian eta inguruan duten eragina kontuan hartuta, halako gaixotasunak gaur egungo “gizarteak duen mehatxu handienetakoa” direla azpimarratu zuten Afagiko, Gipuzkoako Senitartekoen, Lagunen eta Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten Pertsonen Elkarteko kideek.
Martitzen arratsaldean Itxaropena elkarteko Esperientzia Gelaren baitan eman zuten hitzaldia, jendez lepo egon zen aretoan. Bertan, gogora ekarri zuten dementzia kasu bakoitza desberdina dela, burmuinean eragiten duen esparruaren araberako garapena duelako gaixotasunak.
Laguntasuna eskatzea
Halaber, gaixoaren biziraupena ere kasuan kasukoa dela jakinarazi zuten, eta oro har, halako gaixotasunei aurre egiteko laguntasuna eskatzeari garrantzia eman zioten, gaixoaren aldetik zein senitartekoen aldetik.
Horrekin batera, eta kontuan hartuta dementziek ez dutela atzera bueltarik, haiei aurre egiteko neurriei ere eman zieten garrantzia Afagiko ordezkariek. Batetik, adierazi zuten gaixotasunaren garapena moteldu egin ahal dela tratamenduak baliatuta. Eta bestetik, gogora ekarri zuten oso garrantzitsua dela zahartzaro aktiboa, bizitza ohitura osasuntsuak eta bizitza sozial aktiboa izatea, prebentzioaren ikuspuntutik.
Sukaldaritza, azkena
Esperientzia Gelaren hurrengo eta azkeneko hitzordua sukaldaritzari buruzkoa izango da: Sukaldaritza, zaporea, historia izenburuarekin, maiatzaren amaieran hasita, hurrengo hiru eguaztenetan hainbat errezeta landuko dituzte, bertan sukaldatuta; eta haien jatorriaren araberako historia konpartituko dute. Ikastaro horretan parte hartzea librea da, baina Esperientzia Gelan matrikulatuta egotea derrigorrezkoa da.