Bihar aparkalekuak gutxituko dituzte grabazioak direla eta

Ubane Madera 2019ko api. 10a, 13:05

Patria telesailaren grabaketak direla-eta, bihar, eguena, udalerriko hainbat puntutan murriztu egingo dituzte aparkalekuak: Erregetxean eta Errekalden. Azoka txikia, berriz, Plaza Zaharrean egingo dute. Bihar, grabatzen jardungo dute zubian, erdigunean eta Errekalden. Atzo, berriz, atentatua grabatu zuten (bideoan ikusgai).

Badoaz aurrera Patria telesaileko grabazioak. Asterik intentsuena barikuan bukatuko dute, mendian grabatzen. Egunotan, berriz, atentatuari dagozkion eszenak grabatzen ibili dira eten barik zubian. Eta datorren astean grabazioetarako egun bakarra dute aurreikusita: astelehena.

Kontuak kontu, biharko egunari dagokionez, eta azoka txikia ere badela kontuan hartuta, murrizketa gehiago izango dira udalerriko aparkalekuetan: Erregetxean eta Errekalden.

Erregetxeko zati handi bat okupatuta

Erregetxearen zati handi bat Patria telesailekoek erabiliko dute, eta ondorioz, goizeko lehen ordurako bertatik ibilgailuak erretiratuta izan beharko dira. Hain justu, Erregetxearen sarreran, albo banatan dauden lehen sei aparkalekuak libre laga beharko dira, bertan automobil zaharrak aparkatuta utzi behar dituzte-eta telesailekoek.

Eta horrekin batera, Erregetxeko fondoa ere libre laga beharko da, telesaileko kamioiendako-eta. Azoka txikiari dagokionez, bihar atzera ere Plaza Zaharrean egingo dute.

Errekalden hainbat aparkaleku libratu behar dira

Bestalde, erretiratu egin beharko dira baita Errekaldeko hainbat aparkalekutako ibilgailuak ere: Pascual Churrucatik gertu dagoen aparkalekutik hasi eta Errekaldeko autobus geltokiraino dauden leku guztiak libratu behar dira, 15:30etik 19:00ak bitartean. Dagoeneko seinaleztatuta dago guztia.

Barikuan bukatuko dituzte Soraluzeko grabazioak ‘Patria’-koek. Barikuan, baina, mendian jardungo dute, San Andrestik gora.