“Urte beltza daramagu”

Ubane Madera 2019ko api. 10a, 09:30

Biolentzia matxistaren kontrako atzoko elkarretaratzea.

Azken lau urteotan biolentzia matxistarekin lotutako salaketa bakarra egon den arren, 2019an dagoeneko hirugarren elkarretaratzea egin da Soraluzen indarkeria mota hori salatzeko; beraz, “urte beltza daramagu”. Horixe azpimarratu zuten Korner Morea elkarteko ordezkariek biolentzia matxistaren kontra egindako atzoko elkarretaratzean. 

60 lagun pasa elkartu zen atzo, martitzena, udaletxe ondoko aldapan (Plaza Berria okupatuta zegoen) Soraluzen izandako azken eraso matxista salatzeko.

Salaketarik ez

Korner Morea Elkarte Transfeministak deituta, protesta ekimenean jakinarazi zuten azken eraso matxistaren kasuan ez dela erasotzailearen kontrako salaketarik egon biktimaren aldetik, eta adierazi zuten horrek “zaildu” egiten duela gizonezkoaren kontrako neurririk hartu ahal izatea. “Ez dago gauza asko egiterik, egia esateko”, gaineratu zuten.

Horrekin batera, azpimarratu zuten 2015etik 2019ra salaketa bakarra egon dela Soraluzen biolentzia matxistarekin lotutakoa, eta aldiz, 2019an dagoeneko hirugarren aldiz irten direla kalera beste horrenbeste indarkeria kasu salatzeko. “Urte beltza daramagu”, esan zuten.

Bestalde, Soraluzeko Udalak "gogor salatu" du azken erasoa, adierazpen instituzionala baliatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.