Julian Eraso: "Karakatekoa moduko igoerek joko handia ematen dute gurea moduko lasterketetan"

Ubane Madera 2019ko api. 9a, 09:18
Julian Eraso, Itzulia Basque Country lasterketako zuzendaria.

“Mundu mailan World Tour mailako 27 lasterketa daude, eta estatuan lau. Itzulia eta Donostiako Klasika dira horietako bi eta bien antolakuntza eibartarren esku dago” dio harro Julian Erasok, atzo hasi zen Itzulia Basque Country lasterketako zuzendariak. Bera ibili zen, besteak beste, Soraluzeko Karakate mendatea ikuskatzen, "maitasun handiarekin", Itzulia bertatik pasa zedin.

Zer dela-eta aukeratu duzue Soraluzeko ibilbidea?

Bagenekien pista bat zegoela, begiratu bat eman genion, maitasun  handiarekin, orain arte Soraluze beti zeharkatu izan dugulako saihesbidetik. Ibilbidea ondo tokatzen zen azken etapan, eta Eibarren ere aurkitu genuen Matxariatik goranzko hormigoizko igoera. Halakoek joko handia ematen dute gurea moduko lasterketetan. Ibilbidean sartu dugu, eta ,momentuz, oso ondo onartua izan da. Badabil jendea gora eta behera. Lehengoan egon ginen Ikerrekin (alkatearekin) eta zera esan nion: Plaentxia, Paris eta Londres. Egun hauetan badirudi horrela dela!

Zenbat jende mugitzen du Itzuliak?

550 bat dira txirrindulariak eta haiekin datozen teknikoak, masajistak, txoferrak... Gero Ertzaintzatik hasi eta kotxe eskobaraino gehi bulegoetakoak, ETBkoak… Bada, denera, 1.000 bat lagun inguru izango gara. Milioi eurotik gorako aurrekontua dugu, sei egunetarako. Eta egia esan zaila da. Errentagarriak dira lasterketa luzeak, 21 egunetakoak-eta; 6 egunetakoa hasi eta amaitu astebetean egiten da, zaila egiten da horiei eustea. Ea Plazentziako enpresek ere ekarpenak egiten dituzten.

Ikusleendako mezuren bat…

Hemengo jendeak badaki nola ibili behar den, oso zale edukatuak dira. Euskal Herriko zaletasuna eredu bezala ipintzen da eta hemen arraroa da txirrindularien gainera joatea… Karakaten-eta banan-banan pasatuko dira, baina txirrindularia da inportanteena, eta haiek zaindu behar dira. Gainerakoan, eguraldi ona egiten badu, errepide bazterretan lasterketaz disfrutatzea baino ez dago.

 

Eibartarra izanda, zer moduz soraluzetarrekin harremana?

Duguna hobetzea zaila da, plaentxiatarrak eta eibartarrak ondo konpondu izan gara beti eta horrela izango da. Bestalde, nahiko nuke eskertu udaletxearen eta alkatearen laguntza.