Etxeko langileen egoera eta Europak onartutako arautegia salatu dituzte gaurko elkarretaratzean

Ubane Madera 2019ko api. 8a, 13:18
Pentsion aldeko elkarretaratzea, zubian.

Etxeko langileen egoera eta Europako Parlamentuan pentsio pribatuak bultzatuko dituen arautegia onartu izana salatu dituzte, besteak beste, pentsio publiko duinen aldeko gaurko elkarretaratzean. Gaur ez dira ohiko lekuan batu; zubian, Mari Mar harategiaren kanpoko aldean egin dute protesta ekimena. 

Zubi Nagusian egin dute gaur pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzea. Plaza Berria eta zubiko gainontzeko esparru guztia Patriako grabazioetarako hartuta zeuden-eta. Mari Mar Harategi aurrean elkartu eta hantxe partekatu dituzte gaurko mezu nagusiak 80 bat herritarrek.

521 euro

Batetik, etxeko langileen egoera salatu dute. Martxoaren 30ean izandako Etxeko Langileen Nazioarteko Egunaren harira, gogora ekarri dute “emakumeak nagusi diren kolektiboaren lan baldintza eskasek txirotasunaren feminizazioa” dakartela.

Datuekin jantzi dute salaketa: 521 euroko bataz besteko pentsioak izaten dituzte etxeko langileek, eta ez dute langabezia kobratzeko eskubiderik. Eta besteak beste, gogora ekarri dute haiek betetzen dituzten lanak direla “nahitaezko betebeharrak”.

Erretiratzeko eskaera

Bestetik, salatu dute Europako Parlamentuak onartu berri duen Pentsio Indibidualen Europako Planei buruzko arautegiak pentsio pribatuak sustatzen dituela.

“Ezin da onartu Europar Batzordearen kezka nagusia izatea 25 eta 32 urte artekoen %27k izatea pentsio pribatua", salatu dute. Hori horrela, exijitu dute “erretiratu dezatela aipatu araua eta elaboratu dezatela plan eraginkor bat Europako Pentsioen Sistema Publikoa bermatu eta garatzeko”.