Gizonezko bat atxilotu dute, biolentzia matxista delituaz akusatuta

Ubane Madera 2019ko api. 8a, 10:40
Urte hasieran indarkeria matxista gaitzesteko egin zen elkarretaratzea.

Ertzaintzak Soraluzeko gizonezko bat atxilotu zuen barikuan, biolentzia matxista delituaz akusatuta. Harengandik ihesean zebilen emakume batek laguntza eskatu zuen, eta Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertaratu ziren Gabolats kalera. Bertan atxilotu zuten 40 urte inguruko gizonezkoa.

Udaltzaingoak jakinarazitakoaren arabera, 18:39ean jaso zuten gertakariaren abisua, Gabolats kaletik. 30-35 urte inguruko emakume batek Estankora jo zuen babes bila. Bertan laguntza eskatu zuen, esanez senarrak jo egiten zuela eta norbaitek etxera laguntzea nahi zuela, pasaportearen eta bestelako paperen bila.

Hirugarren atxiloketa

Estankokoek Udaltzaingoari abisatu zioten eta haiek Ertzaintzari. Polizia bertaratu, eta gizonezkoa atxilotuta eraman zuen, biolentzia matxista delituaz akusatuta. Emakumeak ez du salaketarik ipini.

2019a hasi denetik, Soraluzen hiru gizonezko atxilotu dituzte indarkeria matxistaz akusatuta.