"Zentro handiek denda txikien merkatua jan dute, baina hori amaitu da" Gotzon Elizburu

Erredakzioa 2019ko api. 7a, 11:17
Bilboko Azkuna Zentroan Eroskiren 50. urteurreneko ekitaldian. Aldamenean, Ane Igartiburu aurkezlea.

Gotzon Elizburu (Soraluze, 1957)  gazterik hasi zen lanean Eroskin. 27 urte zituen 1984an Eibarko Urkizu kalean dagoen dendaren ardura hartu zuenean. Bi urte eman zituen bertan, Elorrioko zentraletik deitu zioten arte. Ondoren, urte batzuetan, Eroskirentzako esnekiak eta bestelako elikagaiak erosten jardun zuen, harik eta Eroskiko erosketen zuzendari izendatu zuten arte.

Ia hamar urte eman zituen zuzendari karguan, eta kooperatibaren aliantza estrategiko komertzialen ardura hartu zuen gero. Guztira, 35 urte eman ditu Gotzonek Eroskin. Duela urtebete laga zion bazkide izateari, erretiroa hartu zuenean.

Erretiroa hartu arren, Gotzonek lotura estua mantentzen jarraitzen du kooperatibarekin eta elikagaien merkatuarekin, izan ere, Eroskiren fundazioko patronatuko kide da, eta elikagaien merkatuaren gaineko ekitaldietan parte hartzen jarraitzen du han eta hemen antolatzen dituzten hitzaldi eta mahainguruetan. Aurten, 50 urte bete ditu Eroskik eta urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekitaldi nagusietan parte hartzen dihardu Gotzonek, hizlari gisa, esaterako, Bilboko eta Iruñeako ekitaldietan.  

Eroskiren ibilbidea

Eroskiren ibilbidea ondo ezagutzen du Gotzonek: “Eroski kontsumitzaileek sortu zuten 1969an, eta garai hartan helburua zen kalitate oneko elikagaiak eskaintzea prezio onean”. Harrezkero, kooperatiba hazi egin da eta gaur egun 30.000 langile eta 1.500 supermerkatu baino gehiago ditu. 2007an lehertu zen krisiak gogor eragin zion Eroskiri, baina, oraintsu, urteotan pilatutako zorra berfinantziatzea lortu du. “Beharbada, beti ez genituen erabakirik onenak hartu, baina hori errazago ikusten da pasatu eta gero, momentuan baino. Zorionez, lortu dugu arazoari buelta ematea eta egoera bideratuta dago”.

Kooperatiba izateak Eroskiri dakarzkion abantaila eta desabantailez galdetuta, erantzuna argia da: “Bizi guztian lan egin dut kooperatibetan eta nire ustez abantailak gehiago dira desabantailak baino. Bere akats guztiekin, nik ez dut ezagutzen kooperatibena baino antolaketa sistemarik hoberik, berdintasuna hobeto lantzen duen sistemarik bai ekonomikoki eta bai generoari dagokionez. Berdintasun ekonomikoari begiratuta,Debagoienak dituen datu ekonomikoak estatuko onenak dira”.

 Kontsumitzaileen lehentasunak

Eroski sortu osteko hamarraldietan asko aldatu dira kontsumitzaileen joerak eta elikagaien merkatua. “Orain kontsumitzaileen lehentasunak beste batzuk dira. Kalitatea eta prezioak bermatuta daude eta orain lehentasuna dira dietarekin lotutako janari osasungarriak (gatz, azukre, eta grasagutxiago dutenak), bertakoak badira hobeto, eta gainera, ekologikoak badira, askoz hobeto. Orden horretan”.

Lehentasun horiekin batera, gero eta indar handiagoa hartzen ari ei da beste faktore bat: animaliei emate zaien tratua. “Kontsumitzaileek gero eta ardura handiago dute haztegietan eta garraioan animaliei ematen zaien tratuaren inguruan, eta eskatzen dute errespetuz tratatzea: oiloak kaiolatik kanpo izatea, arrantza jasangarria… Plastikoarekiko kezka ere gero eta handiagoa da baina aldi berean kontsumitzaileok eskatzen ditugu mundu osoko janariak, batera eta bestera erabiltzeko ontziak, janari bizkorra… Eta guztia berehala eta merke. Beraz, galdera da: kontsumitzaileentzat benetan dira lehentasunezkoak osasuna eta jasangarritasuna? Inkoherentzia horiekin bizi gara eta Eroskik kontsumitzaileen joeretara moldatzen asmatu behar du etengabe ”. 

Denda txikiak eta internet

Denda txikiek etorkizun zaila dutela uste du Gotzonek. “Denda txikien bentaja nagusiak harreman hurbila eta nortasuna dira, eta kasu gutxi batzuetan, produktu berezia. Aurrera egin nahi dutenek horiek lantzen asmatu beharko dute, eta, hala ere, ez dute lan erraza izango. Nire kasuan, Eroskin egiten ditut aste guztirako erosketak, baina arraina, haragia, frutak, barazkiak herrian erosten ditut –ahal dudan guztietan baserrikoak-, eta ogia beti Joxe Marirena”.

Debabarreneko egoerari begiratuta, zentro handien arteko lehia gogortuko dela aurreikusten du. “Gaur egunean Eroskik hamar denda ditu Debabarrenean. Soraluze da Eroskirik ez duen herri bakarra -bere garaian Kooperatibak frankizia izateari laga zion-. Orain arte, merkatal zentro handiek denda txikien merkatua jan dute, baina hori amaitu da eta hemendik aurrera, merkatal zentro handiak elkarrekin lehiatuko dira. Hor ere, batzuk aurrera egingo dute eta beste batzuk itxi egingo dira”.

Internet bidezko janari erosketei dagokionez, etorkizunean gero eta pisu gehiago izango dutela uste du baina ez erabatekoa. “Seguraski internetetik egindako erosketak gehitu egingo dira, baina baliteke janari freskoen kasuan (barazkiak, arraina, haragia…) igoera ez izatea horren handia. Ikusiko dugu. Hori bai, espero dut interneteko enpresen jokaera fiskala kontuan hartzea, zergaitik eze, zergak dira gure eguneroko bizimodua eta zerbitzu publikoak mantentzen dituztenak, kontsumitzaileen indarra agertuz”.