Euskarazko pelikula historiko baterako protagonista gazte bila dabiltza

Ubane Madera 2019ko api. 6a, 09:17
'Handia' filmaren karteldegiko irudia.

Kowalski Films ekoiztetxeak Ilargi Guztiak izenburua duen film luzea grabatzeko asmoa du, eta bertarako protagonisten bila dabil. "Aurpegi berriak bilatzeko" erabaki dute casting deialdia herri txikietara zabaltzea, besteak beste, Soraluzera. Neska-mutiko euskaldunak behar dituzte.

Ilargi Guztiak filmeko casting sailetik zehaztu dutenez, 10 eta 13 urte bitarteko nesken eta 11 eta 16 urte bitarteko mutilen bila dabiltza, euskal hiztunak direnak. Izan ere, Euskal Herrian grabatuko duten euskarazko filma da Ilargi Guztiak.

"Aurpegi berriak"

Casting sailetik esplikatutakoaren arabera, castingean parte hartzeko, umeen datuak (adina eta herria) eta argazki bat bidali behar da honako helbide elektronikora: ilargiguztiakcasting@gmail.com.  “Casting deia herri txikietara ere zabaltzea nahi izan dugu, gehienetan hiriburuetan ibiltzen gara bila, eta aurpegi berriak-eta topatzeko jo dugu oraingoan herri txikietara ere bai”, esplikatu du Ainara Torresek, casting saileko kideak. “Ez da beharrezkoa aldez aurretik esperientzia izatea”, gaineratu du.

Behin neska-mutikoen datuak eskuratuta, hasierako aukeraketa egingo dute, eta Aste Santuaren ondoren jarriko dira harremanetan haien gurasoekin, bigarren faserako; orduan, besteak beste, proba presentzialak egin beharko dituzte castingean.

Film ezagunen ekoizle 

Torresek emandako xehetasunen arabera, udazkenean hasiko dira pelikula grabatzen, film historikoa izango da, baina oraindik lokalizazioak finkatu barik dituzte. Euskal Herrian garatuko den filma izango da, baina prozesuaren lehen fasean daudela azaldu dute.

Kowalski ekoiztetxeari dagokionez, entzutetsuak dira hark koproduzitutako lan ugari: 8 apellidos vascos, Zipi y Zape , La Herida eta Violet; Handia filmean ere kolaboratu dute. Ekoiztetxearen aurkezpenean diotenez, produkzio komertzialak bestelako profil batzuetakoekin tartekatzea dute helburu, koprodukzioa formula modura baliatuta, “Euskadira nazioarteko eta nazioko produkzioa erakartzeko eta euskal talentua indartzeko ahalegina eginez”.