Udalak jarraipena egingo die zaborra edukiontzietatik kanpo lagatzen duten herritarrei

Ubane Madera 2019ko api. 5a, 13:15

Udalak hainbat neurri hartu ditu zaborra batzeko eremuetan sortu den arazoa bideratzeko. Lehenengo pauso moduan, zabor poltsak ikuskatu, haren jabea identifikatu, eta ondoren, gutun bitartez jakinarazi diote poltsa edukiontzi kanpoan lagatzea “guztiz debekatuta” dagoela. Horrekin batera, Manomunitateak egiten duen zabor-bilketaren funtzionamendua aztertzen ere badihardute.  

Otsailean ekin zion udalak edukiontzietatik kanpo lagatako zaborrak ikuskatzeari. Hasieran, poltsa gutxi batzuk ikuskatu zituzten, baina, martxotik aurrera, ikusita edukiontzietatik kanpo gero eta zabor gehiago pilatzen zela, Udalak areagotu egin du jarraipena. 

Jakinarazpenaren ostean isuna jartzeko aukera 

Prozeduraren ondorengoa da: edukiontzitik kanpoan lagata dauden zabor poltsak zabaldu, haren jabea identifikatu eta abisu-gutuna bidali. Gutunean jakinarzten da “guztiz debekatuta” dagoela zabor poltsak edukiontzietatik kanpo lagatzea, “ingurumena, osasun baldintzak eta herriaren txukuntasuna kaltetzen dituelako”, eta arau-haustea dela hori egitea.

Horrekin batera, gutunean ohartarazten da araua hausten den herritarrak isuna jaso dezakeela, 6,01 euro eta 60,10 euro artekoa. Ondoren, herritarrak 15 eguneko epea du, nahi izanez gero, udaleko ingurumen teknikariarekin harremanetan jartzeko, hala badagokio, zaborren sailkapen zuzena egiteko zalantzak argitu eta zabaorra kanpoan laga izanaren arrazoiak zein diren azaltzeko -txartela falta izatea, edukiontziekin arazoak, e.a.-.

Arazoari buelta eman nahian

Ikuskapen horiek udalerrian zehar hondakinak batzeko jarrita dauden gune guztietan egiten dabiltza, modu zorrotzagoan, arazoa larriagoa den guneetan: Erregetxean, Zubi Nagusian (orain Baltegietan), Gabolatsen, Santa Anan eta Atxurin. Dagoeneko hainbat herritarrek, merkatarik zein tabernarik jaso dituzte abisu-gutunak.

Iker Aldazabal alkateak honela arrazoitu du neurriok hartu izana: “Kanpaina ugari egin dira, sarri bidali da informazioa etxez etxe, egin dira organikoari buruzko kanpaina bereziak, bereizketari buruzkoak… eta hala ere, herritarrek edukiontzietatik kanpo lagatzen dituzte poltsak. Ez dakigu herritarrek hori egiteko dituzten arrazoiak zein diren: izan daiteke txartelik ez izatea, sistema ez ezagutzea… Kontuak kontu, ikusita hilabeteak aurrera doazela eta egoera ez dela hobetzen, erabaki genuen prebentzio-neurriak hartzea”.

Jone Notario ingurumen teknikariak dihardu ikuskapen-lanak egiten, Soraluzera etorri aurretik izan zuen eskarmentuan oinarrituta. Izan ere, teknikariak azpimarratu duenez, beste eskualde eta herri askotan egiten dute Soraluzen orain egiten hasi dena, eta baita ikuskaritza "zorrotzagoak" ere. “Udazken-neguan Urola erdiko mankomunitatean ibili nintzen. Azkoitian txip bako edukiontziak dituzte, eta nire zeregina zen organikoaren edukiontziaren barruko poltsetan inpropioa (organikoa ez dena) botatzen zuen jendea identifikatzea eta txarto egitearren isuna duela jakinaraztea eta hango isuna hemengoa baino askoz handiagoa da (…) Soraluzera etorrita, hemengo egoera kaskarra da, Azkoitian, adibidez, ez dira ikusten horrenbeste zabor poltsa edukiontzietatik kanpo egunero".

Eskaria Mankomunitateari 

Ikuskatzeak egitearekin batera, Mankomunitateak herrian egiten duen zabor-bilketa ere aztertu nahi du Udalak, eragozteko edukiontziak gainezka eginda egotea. “Astebetez puntu guztietako edukiontziak aztertuko ditugu begiratzeko ea hondakinak nahikoa maiztasunez batzen diren edo nahikoa edukiontzi dauden puntu guztietan; zerbitzua hobetu beharra baldin badago, Mankomunitateari jakinarazteko”.

Merkatariei dagokionez, hauek zerbitzu berezia dute paperak eta kartoiak batzeko, material kantitate handiak sortzen dituztelako.  Astean hirutan, astelehenetan, martitzenetan eta barikuetan, dendak itxi eta laster -19:00ak aldera-, Mankomunitatearen kamioia pasatzen da Erregetxetik, Baltegietatik, Ezozibidetik, Arraikuatik eta Atxuritik. Kasu horretan -eta horretan bakarrik-, mankomunitateak merkatariei eskatzen die materialak edukiontzietatik kanpo laga ditzatela, bilketa errazteko. Udalak ez du begi onez ikusten biltzeko modu hori eta mankomunitateari eskatuko dio alda dezala.  

Bilketaren maiztasunaz gain, edukiontziek fisikoki dituzten gabeziak aztertu nahi dituzte: ahoaren tamaina, hankarekin zabaltzeko pedala duten ala ez… Azken batean, hobetu beharreko puntuak zein diren identifikatu nahi ditu Udalak, ondoren, Debabarreneko Mankomunitateari hobekuntza horiek ezar ditzala eskatzeko. Ingurumen teknikariak jakinarazi duenez, Mankomunitatea dagoeneko ari da bideratzen ari da Udalak eskatutako pedaldun edukiontziak.