'Tabernaria' bakarrizketa antzeztua bihar Gaztetxean

Erredakzioa 2019ko api. 5a, 12:00

Tabernari baten “ordu erdiko destape mental eta sentimentala” eskainiko du Mikel Martinez aktore bilbotarrak, bihar, zapatua, arratsaldeko 20:00etan, Gaztetxeko barraren bueltan: 'Tabernaria: instrukzioak botatzeko ondo bat kaña' 

Umorez eta eguneroko bizimoduaren gaineko gogoetez betetako obra da. Tabernariak bere ohiko bezeroak konbokatu ditu kaña bat ondo botatzen erakusteko, baina aitzaki bat besterik ez da bere kezkak, arrengurak, ilusioak eta desio frustratuak azaleratzeko.
 
Leitmotiva, denbora  
Gidoia Patxo Telleriak idatzi du, eta aipatu duenez, denbora da istorioaren leitmotiva: “Tabernari honek slow estiloa defenditzen du, gauzak astiro egin beharra, arretaz, ganoraz, maitasunez, kaña bat ondo botatzearen dohaina…”. Formari dagokionez, egitura berezia proposatzen du, istorioa atzetik aurrera kontatzen delako. Eta ez kapritxo estetiko bat delako, narrazioaren muinarekin lotuta dagoelako baizik: denbora eta ekonomia eredu berrien gatazka.
 
Emanaldia Udalak antolatu du Korrika Kulturalaren barruan.