Juan Carlos Astiazaran, Victor Placencia eta Felix Arizagak berba egin zuten aurkezpenean. Sorapediako kide den Astiazaranek, Lamoten grabatua-ren gaineko azalpenak eman zituen, grabatuaren beraren eta ia laurehun urte iraun zuen armagintzaren jardunaren gaineko xehetasunak emanez.
Ondoren, Victor Placenciak, SAPAren historia aztertu duen ikerlariak, 144 urtetako jarduera industriala armagintzan 1861-2005 hitzaldia eskaini zuen. Hitzaldian, Euscalduna eta Sociedad Anonima Placencia de las Armas lantegien historiaren berri eman zuen.
Azkenik, Felix Arizaga Soraluce kooperatibako bazkide ohiak, Soraluce Kooperatiba Elkartea: Bilakaera, produktua eta teknologia,1962-2019 izeneko hitzaldia eskaini zuen, lantegiaren sorreratik gaur egunera arte izan duen bilakaera teknologikoa xehe-xehe azalduz.
Aurkezle lanak Iker Aldazabal alkateak egin zituen eta hizlari guztiei eskerrak eman zizkien hartutako lanarengatik. Guztira, ehunetik gora herritar hurreratu ziren antzokira eta hitzaldiak amaitu ostean, antzokian bertan izan zuten luntxa. Gainera, bertaratutako herritarrek, irteterakoan, liburuaren ale bana jaso ahal izan zuten debalde.