Euskadi ordezkatuko du Espainiako txapelketan Denis Sorianok

Ubane Madera 2019ko api. 3a, 09:17
Denis Soriano amuarrain batekin.

Denis Sorianok (Aramaio, 1986) Espainiako txapelketa jokatuko du bihartik, apirilaren 4tik 7ra bitartean Asturiasen, Izokin-kideen harrapaketan, Lance arineko modalitatean. Beste zazpi euskaldunekin batera bertaratuko da soraluzetarra, Euskadiko Selekzioko kide modura. Izan ere, 2018an Euskadiko txapelketa irabazi zuen Denis Sorianok eta horri esker Euskadiko ordezkarietako bat izango da bera.

“Oso pozik” dago Soriano orain arte lortutakoarekin. Espainiako txapelketari, hala ere, errespetuz begiratzen dio: “Dena ematera noa, baina ikusiko da. Goazenen arteko batzuk eginda dituzte postu onak, gainera, erreka berberean. Bik bi urtetan laugarren egin zuten, eta gure artean informazioa elkartrukatzen dugu, beraz…”. Espainiako txapelketan bi sailkapen egingo dituzte, selekzioen araberakoa bata eta norbanakoena bestea.  

Denis Sorianok duen zaletasuna praktikatzera animatu nahi ditu herrikideak: “Errekak geroz eta hobeto daude, dena dago jarrita heriotza bako eremu modura, eta igartzen da amuarrain gehiago badagoela; baina izan dadila heriotza bako arrantza”.