Konorte-galtzeak eta bihotz-gelditzeak gerta daitezkeelako eta zoritzarrez, gertatzen direlako, halako egoera baten aurrean Bihotz Biriketako Berpiztea zela egin ikasgai izan dute gaur arratsaldean Soraluzeko Institutuko 3. mailako ikasleek. Datorren astean gauza bera egingo dute 3. mailako gainontzeko ikaskideek eta Aste Santuaren ondoren 4. mailako ikasleek landuko dute gai bera.
Eskolaz kanpoko orduetan, Hauspoa proiektuaren baitan lantzen dihardute gaia, “Bihotz Biriketako Berpiztea oso garrantzitsua delako, ikasteko oso erraza delako eta bizitzak salba ditzakeelako”, esplikatu du Amaia Ezenarrok, Institutuko orientatzaileak.
Zer egin
Osakidetzako, DYAko eta Udaltzaingoko adituek gidatuta, halako egoeren aurrean zera egin behar dutela ikasi dute, besteak beste:
- Laguntasuna eskatu, 112ra deituta.
- Hura iritsi bitartean, erreanimazio zikloarekin hasi: 30 konplexio bularrean eta bi arnasketa. Horrela etengabe. Eta bi lagunen artean egiten bada hobe, konplexioak eta arnasketak egitea txandakatzeko, nekagarria delako maniobra egitea, eta anbulantzia etorri arte 20-40 minutu pasa daitezkeelako.
- Desfibriladore baten bila joan ahalik eta lasterren, jakinda gero eta gehiago daudela espazio publikoetan (Soraluzen sei). Hala ere, desfibriladorea etorri arte, erreanimazio zikloarekin segitu behar da, beraz, hirugarren lagun bat joan beharko da bila.
Desfibriladorea
Horrekin batera, institutuko ikasleek ikasi eta praktikatu dute desfibriladorea erabiltzen. Medikuek azpimarratu dute hari ez zaiola beldurrik izan behar: “Dago programatuta edozeinek erabili ahal izateko”.
Ikastaroa borobiltzeko, kontrako eztarrikoren bat gertatzen denean zela jokatu ere ikasi dute.