Maiatzean zabalduko dute Haurreskolan izena emateko epea

Bi ume Haurreskolako kanpoko aldean jolasean.

Maiatzaren 2an zabaldu eta 11ra arte eman daiteke izena Haurreskolan 2019-2020 ikasturterako. Bestela esanda, 2018an eta 2019an jaiotako umeen familiei zuzendutako deia da. Ikasturte berriari dagokionez, irailaren 5etik aurrera hasiko da.

Haurreskolan 0-2 urteko haurren zaintza eta hezkuntza zerbitzua eskaintzen dute. 07:30ean hasi eta 17:00ak arteko ordutegia du, urtean 208 egunetan. Eta norberak aukeratutako ordutegiaren araberakoa da zerbitzua.

Hori bai, umea ezin da egunero 8 ordu baino gehiagoan bertan egon. Gaur gaurkoz, 7 neska-mutiko daude bertan. 

Beharren arabera

Haurreskolak Partzuergoaren barnean dago Haurreskola. Bertako hezitzaileek azpimarratu dute umeei “arreta pertsonalizatua” eskaintzen dietela, haurren beharren araberakoa. Ildo beretik, gaineratu dute “mugimendu askean” oinarritzen direla: “Ez gara haur batek bere kabuz lortu ez duen posturara aurreratzen. Haur guztiek oinez ikasiko dutenaren konfiantza daukagu. Mugimendu aske honek onura asko ekarriko dizkio: auto-estimazioa indartuko du, bere mugak eta ahalmenak ezagutzeko gai izango da eta abar”.


Informazio gehiago: Haurreskolan bertan edo 943751332 telefono zenbakian.