Hauteskunde-mahaietarako zozketa egin dute

Ubane Madera 2019ko api. 1a, 13:05

Herritarrak botoa ematen 2016ko hauteskundeetan, Espainiako Gorteetarakoak.

Gaur, astelehena, 09:00etan zozketa egin dute, apirilaren 28an egingo diren Espainiako hauteskundeetan mahaiak osatzeko. 45 soraluzetarren izenak atera dituzte eta aukeratuek egunotan jasoko dute jakinarazpena, udaltzainen eskutik. Erreklamazioa aurkeztekotan, ahalik eta lasterren aurkeztu behar da.

Hautesleku bakarra (kiroldegia) eta bost mahai izango dira Soraluzen apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan, Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan, alegia. Mahai bakoitza osatuko du lehendakari batek eta bi bokalek, eta ordezko bina ere izango dituzte haiek, ezintasunen bat tokatuz gero, haren lekua betetzeko.

Gauzak horrela, gaur, 09:00etan ordenagailu bidez egin dute zozketa, mahaietan egon behar duten soraluzetarren izenak ateratzeko. Hauteskunde mahai bakoitzeko 9 lagun behar direnez, 45 lagunen izenak atera dituzte. Ohi denez, datozen egunotan jasoko dute haiek mahaietan egotea tokatu zaienaren jakinarazpena, udaltzainen eskutik.

65 euro

Tokatu zaion herritarrak egon beharko du hauteskunde egunean 08:00etarako dagokion lekuan. Aldez aurretik emango diote egin beharrekoen gaineko informazioa; eta egunean bertan ere jasoko ditu azalpenak.

Hauteskunde egunari dagokionez, 09:00etan zabalduko dituzte hauteskunde-mahaiak, 20:00ak arte. Eta gero, botoen zenbaketa egingo dute. Lehenengo posta bidezkoak zenbatuko dituzte eta ondoren hautetsontzietakoak. Egun osoko zeregin hori betetzearren, 65 euroko ordainsaria jasoko dute.

Norbaitek egun horretan ezingo balu tokatu zaion zeregina bete, datozen egunotan aurkeztu beharko du erreklamazioa hauteskunde batzordean, ahalik eta lasterren. Ezintasun jakin batzuk onartzen dituzte egun horretan ez bertaratzeko, baina ez da izaten erraza haien onespena. Berez, osasun arazoak, ume txikiak zeinek zaindu ez izana, hainbat lan-jardunengatik ezin bertaratu izana… dira onartzen dituzten arrazoiak.

Posta bidezkoa zabalik

Apirilaren 28ko hauteskundetarako makinaria, bada, martxan da. Are gehiago, bihar aurkeztuko dituzte Espainiako Buletin Ofizialean hauteskundeetarako behin betiko zerrendak. 

Bestalde, zabalik dago posta bidezko botoa emateko epea, apirilaren 18ra arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.