Korrika Txikia eta gainerako ekimen kulturalen informazioa

Ubane Madera 2019ko api. 1a, 11:01

2017ko Korrika Txikia.

Korrika kultural bete-betean sartuta gaude dagoeneko Soraluzen, eta barikuan Korrika Txikiak zeharkatuko ditu Soraluzeko kaleak. Izan ere, 12 egun besterik ez dira falta euskararen aldeko lasterketa jendetsua Soraluzera ailegatzeko.

Ugaritzen hasi dira Korrikaren bueltako ekimena Soraluzen, 12 egun besterik ez zaizkio falta-eta euskararen aldeko lasterketari Garestik Gasteizerako bidea egiteko euskararen lekukoa eskuz esku eramanda.

Soraluzeri dagokionez, asteburuan hasi dira Korrika Kulturalarekin lotutako ekimenak eta eguenean segituko dute, Maialen Zubeldiaren ipuin kontakizun batekin, ludotekan:

  • 1.txanda 17:00etatik 17:30era 4-6 urte bitartekoentzat.
  • 2.txanda 18:00etatik 18:30era 6-8 urte bitartekoentzat.

Korrika Txikia, barikuan

Edozelan ere, oraingo asteko ekitaldirik deigarriena Korrika Txikia izango da. 400 lagun inguru mugituko dira haren bueltan Soraluzen: 370 bat neska-mutiko eta irakasleak.


Honako ibilbidea egingo dute: 16:00etan irtengo dira eskolatik 6. mailakoak. Eta bidean haiei gehitzen joango zaizkie gainontzeko ikaskideak, mailaka udalerriko hainbat puntutan banatuta: 5. mailakoak zain izango dituzte Itxaropena erretiratuen egoitza aurrean; 4. mailakoak udaletxean; 3. mailakoak Plaza Zaharrean; 2. mailakoak Gabolatseko zubi hasieran; 1. mailakoak kiroldegiko atean eta Haur Hezkuntzakoak Zubi Nagusian.


Plazan bukatuko dute Korrika Txikia eta amaieran irakurriko dute landutako mezua. Ondoren, 16:30etik 18:00etara umeendako txokoak (jolasak, tailerrak…) izango dira, Kukumixoren eskutik.
Korrika Txikia egiteaz aparte, asteotan gaia langai izan dut eskolan, gela guztietan. Korrika zer den, aurtengo kantua, ibilbidea… aztertu dituzte. Eta horrekin batera, Korrikarendako lelo bereziak ere landu dituzte, besteak beste.

Korrika Kulturala

Hortik aurrerakoak, Korrika iritsi bitartean, Korrika Kulturalaren bueltako ekimenek jantziko dute Soraluze, honako egitarauarekin:

  • Apirilaren 9an, Beltzean mintzo dokumentala Garabideren eskutik, 19:00etan Herri antzokian
  • Apirilaren 11n, Laburbira, euskarazko film laburren zirkuitua: 21:00etan Herri antzokian
  • Apirilaren 12an, Kulunkantauri 8-12 urte bitarteko gazteentzako ipuin kontaketa, Ibai Esoain-en eskutik, 18:00etatik 19:00etara Gaztelekuan.
  • Apirilaren 12an, Tabernaria, Instrukzioak botatzeko ondo kaña bat poltsiko antzerkia, Patxo Telleria eta Mikel Martinezen eskutik, 22:00etan Gaztetxean.
  • Eta apirilaren 13an, goizean musika eta girotze ekimenak. 14:30ean iritsiko da Korrika herrira