Aitor Ormazabal: "Plazentzia da nire herria"

Ubane Madera 2019ko mar. 31a, 13:00

Aitor urpean, lanean.

Ogibide ezohikoa dauka Aitor Ormazabalek (Soraluze, 1969) buzoa eta ur-azpiko soldatzailea. Umetatik datorkio itsasoarekiko zaletasuna, eta Tarragonan bizi eta Bartzelonan dihardu itsasoan lanean azken 17 urteotan.

Itsasoan non egiten duzu lan?
Bartzelonako Saneamientos Maritimos enpresan; uren analitikak egiten ditut eta konponketen gestioaz arduratzen naiz.  

Baina berez soldatzailea zara?
Bai. Baina urpean istripua izan nuen orain dela zortzi urte. Tornu batek eskua harrapatu eta dena josita daukat. Zortzi ebakuntza ditut eta eskumuturra mugitu ezinda. Harrezkero ezin dut uretan lanik egin.

Soldatzaile modura non egin izan duzu lan? Asko zarete gremioan?
Ez gara asko, eta denok elkar ezagutzen dugu Frantzian zein penintsulan. Lan egin dut Bermeoko plataforman, Portugalen, Kanariar irletan, Castellonen… eta azken aldian, ura gatzagabetzekoak egiten, Bartzelonan, Mahonen (Balear Irlak), Alboranen, Murtzian eta Kanariar uharteetan.

Zela hasi zinen horretan lanean?
Ondarroara bizitzera joan nintzen 17 urterekin. Han buzo ikasketak Santanderren egin eta lanean ibili nintzen Ondarroako Eusebio Iparragirrerekin (orain bi urte hil zen maisu handiarekin) eta Ramon Esnal Etxeberri oriotarrarekin. Gero, Pasaian, Donostiako Aquariumean, Debako kai txikia egiten, Lekeition eta Ondarroako zubia transformatzen  ere lan egin nuen. Ondoren, Bartzelonan egin nituen ur-azpiko soldatzaile ikasketak.

Horrenbeste urtean kanpoan ibilita, Soraluze ahaztuta izango duzu…
Plazentziara ahal dudanean joaten naiz. Hori da nire herria, Txurrukeneko 7. zenbakian bizi nintzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.