Sute txikia piztu zuten deskuiduan

Ubane Madera 2019ko mar. 30a, 18:21

Suhiltzaileen kamioiak Ezozibiden. Argazkiak: Soraluzeko Udala.

Ezozibiden sustoa izan zuten atzo arratsaldean: sua piztu zen parkeko goiko parte inguruan, suarekin jolasean zebilen gazte talde baten sugarrak barreiatuta. Suhiltzaileen bi kamioi bertaratu ziren, eta guztien artean sua laster emendatzea lortu zuten. Hala ere, kezka uneak bizi izan ziren, mendia oso siku dago-eta.

Atzo, barikua, 18:00ak inguruan abisatu zuten sutea piztuta zegoela Ezozibiden. Bost bat gazte suarekin jolasean zebiltzala, haien sugarrak zabaldu eta inguruko larreak piztu ziren.

Kuboekin

Lekukoek kontatutakoaren arabera, inguruan zeuden helduak berehala hasi ziren kuboekin sua emendatzen. Gazteak eurak ere bertan geratu ziren, eta gurasoei abisatu zieten, gertakariaz jakinarazteko. Suhiltzaileak ailegatu ziren gutxira, eta baita Udaltzaingoa ere. Zorionez, sua ez zen lar zabaldu, eta suhiltzaileek esandakoaren arabera, 19:00ak aurretik dagoeneko kontrolatuta zuten.

Gazteen deskuidua izanda eta gertaeraren larritasuna kontuan hartuta, hala ere, Soraluzeko Udaletik jakinarazi dute datozen egunotan gazteen gurasoekin berba egingo dutela gertakariaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.