‘Patria’ eta notizia faltsuak

Ubane Madera 2019ko mar. 28a, 11:26
Grabazioaren konfirmazioa iragartzen duen "albistea".

HBO plataformak Soraluzen beste errodaje bat egin nahi duela bolo-bolo zabaldu da sare sozialetan. Izan ere, dagoeneko hori berori iragartzen duten hiru “albiste” landu eta partekatu dituzte. Azkenak, gainera, proiektuari izena ipini dio: T.P.L.P.

Twitterreko txioa irudikatzen eta egunkari bateko albiste laburra irudikatzen zuten “albiste” banak iragarri zuten lehendabizi HBO plataforma digitalak Soraluzen beste telesail bat grabatzeko asmoa zuela. Arrazoia, “Udalak, eta oro har, herriak egindako harrera ona” egin dietela.


Orduko hartan, “albisteek” zioten HBOk Soraluzerekiko interesa zuela eta Soraluze berriro erabiltzea “baloratzen” ziharduela.



"T.P.L.P."

Haien ondoren etorri da gehien barreiatu den “albistea”. Azken horrek konfirmatu egiten du bigarren telesail bat errodatu behar zutela Soraluzen: T.P.L.P. izenburudun telesaila.

Azken “prentsa errekorteak” dioenaren arabera, “poltsikoak betetzeko gidaliburua” izango da T.P.L.P. 

"Albisteak" jakinarazten du bigarren “errodajea” hasiko dela oraingoa amaitzean, eta azarora arte iraungo duela, “beraz, ez da baztertzen zubiko lanak are gehiago atzeratzea”. Horrekin batera, iragartzen du telesail berrirako castinga egingo dutela datozen asteotan.

Ez da egia

Esandako moduan, azken albiste hori bolo-bolo zabaldu da herrian. Pil-pileanen ere galdetu du batek baino gehiagok ea egia den. Eta ez, ez da horrela. Izan ere, lehen “notizia” gure eskuetara iritsi bezain laster HBO Españara deitu genuen Pil-pilean Herri Komunikabidetik eta hango komunikazio arduradunak modu kategorikoan azpimarratu zuten HBOk ez daukala aurreikusita “inolako grabaziorik” egitea “ez Soraluzen eta ezta Euskal Herrian ere”.