Gaur, eguaztena, zabaldu eta barikura arte egingo dute Debabarreneko Lanbide Heziketa Azokaren IV. edizioa Eibarko Armeria Eskolaren patioan. Eskualdean Lanbide Heziketak eskaintzen dituen aukerak eta lan-merkaturatzeko onurak erakusgai ipini dituzte Debabarreneko zortzi ikastetxeek.
Gaurko irekiera ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordea, Marcos Muro, Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuru, eta Debabarreneko alkateak izan dira, tartean baita Iker Aldazabal ere.
Ikastetxeak, ikastaroak eta gehiago
Lanbide Heziketako ikastetxeekin batera, eskualdeko 13 enpresa industrialek ere bat egin dute Abian azokarekin eta, oro har, 700 bat ikasleren bisita espero dute hiru egun hauetan. Haien artean izango dira Soraluze BHI Institutuko ikasleak ere: bihar 3. mailakoak eta etzi 4. mailakoak.
Azoka osatzen duten stand-etako eskaintzaz aparte, honakoa izango dute bihar eta etzi:
Eguena:
• 11:00etan, enplegura bideratutako Profesionaltasun Ziurtagirien gaineko jardunaldia egingo da, Meka Lanbide Eskolak eskainia.
• Ordu berean, 11:00etan, Debegesak Hazilan laneratze programaren seigarren edizioa aurkezteko informazio-saioa eskainiko du. Maiatzean abiatuko da. Egitasmo hau goi mailako ikasketak dituzten eta lana aurkitu ezinik dabiltzan 20-44 urte bitarteko pertsonei dago zuzenduta.
• 12:00etan eta 16:00etan, Enplegua bilatzeko bide berriak tailerra eskainiko da.
Barikua:
- 10:00etan, ikastetxeetako orientatzaileei zuzendutako saioa antolatuko da, Debabarreneko Lanbide Heziketa ezagutu dezaten. Jarraian, 11:00etan, Debegesak ekintzailetza sustatzeko tailerra emango du Nola sortu zure negozio-ideia propioa? izenburupean.