“Aralarren kontserbazioaren auzia positiboan planteatu nahi izan dugu adituei ahotsa emanez”

Egoitz Unamuno 2019ko mar. 27a, 10:52

Herritarrak 'Aralar, mundua leku den lurra' ikus-entzunezkoaren zuzendarien azalpenak entzuten, atzo, martitzena..

Hogeiren bat herritar batu ziren atzo antzokira, Aralar mundua leku den lurra dokumentala ikustera. Proiekzioaren ostean, Aloña Jauregik eta Ibai Toledo zuzendariek Aralar kontserbatzeko hartu beharreko neurrien gainean berba egin zuten.

Zuzendarien esanetan, Aralarko natura-parkearen kudeatzeko moduarengatik kezka da dokumentala egiteko arrazoi nagusia. “Azken urteotan 20 kilometroko pistak egitea planteatu da eta horrek areagotu egin du gure kezka, uste dugulako onura baino kalte gehiago ekarriko dutela. Goierri aldean tentsio handia eragin du gai honek eta guk ekarpena positiboan egin nahi izan dugu, adituei ahotsa emanez, eta eurak esandakoa kontuan hartuko denaren itxaropenez”.   

Espezie asko egoera delikatuan

Toledok, natura-parkeko fauna eta flora aberastasunaren berri eman zuen, eta ohartarazi zuenez, azken urteotan desagertzeko arriskuan dauden hainbat espezieren egoerak okerrera egin du: muturluzeak, bisoi europarrak… Eta beste hainbat oso egoera delikatuan daude, esaterako, ugatzak (quebrantahuesos), bikote bakarra baitago.

Abelburu gehiegi

Orokorrean, kezka adierazi zuten Aldundia parke-naturala zaintzeko egiten ari den kudeaketaz. “Ez bakarrik, mendi babes izendapena duten guneetan pista bi egin direlako, baizik eta legez 25.000 abelburu behar luketen eremuan 35.000 daudelako, edo lehen aldiz profesionala ez den artzain bati etxola bat esleitu zaiolako…”. Horrekin batera, adierazi zuten ados daudela artzainei laguntzeko neurriak hartzearekin baina Aldundiari eskatu zioten bete dezala natura-parkea kontserbatzeko duen ardura eta landu ditzala ingurunearekiko horren erasokorrak ez diren beste alternatibak.