'Patria' grabatzen dihardute goiz eta arratsalde

Plaentxia.eus 2019ko mar. 26a, 18:39

Herritar ugari dabil egunotan ikusmiran, Patria zela grabatzen duten begira; lekuak, ingurua eta jendea zela itxuraldatzen dituzten ikusi nahirik. Gainera, jakinmin hori areagotu egin du euskal aktore ezagunak herrian izateak: Elena Irureta, Joxe Ramon Soroiz, Eneko Sagardoi, Jon Olivares... 

Auto zaharrak, antzinako jantziak, errotulu zaharrak, farolak, kaleak bustita… detaile guztiak kontuan hartuta jantzi dute egunotan Soraluze, eta modu berean jantzi dituzte Patria telesailean figurante moduan agertuko diren soraluzetarrak eta kanpotarrak, grabazioetarako. Azken horien kasuan, Ermuatik, Donostiatik eta Arrasatetik… etorri dira.

Asteko lehen egunotan, Errekalden, Zubi Nagusian eta Ola inguruan dihardute grabatzen. Eta, noski, askok aprobetxatu dute halako proiektu handi bat zela grabatzen den ikusteko eta hura erakusten duten argazki eta bideo mordoa ateratzeko.

Barikuan 04:30ak arte

Bihar, eguaztena 10:00etatik 22:00ak arte arte zubian segituko dute. Eta bihar ere, Gabolatseko zubi txikian eta Gabolatsen ibiliko dira grabatzen, 11:00etatik 22:00etara. Eguenean, berriz, 10:00etatik 22:00ak arte, Ezozibideko 4 eta 8 zenbakien artean ibiliko dira. Eta oraingo astekoarekin bukatzeko, barikuan grabatuko dute Zubi Nagusian 17:30etik 04:30ak arte eta Gabolatsen 17:00etatik 22:00etara.

Datorren asteari dagokionez, berriz, ez dute grabaziorik iragarri Soraluzen. Gauzak horrela, bi aste barru bueltatuko dira hona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.