Aldapa abantaila bihurtua

Egoitz Unamuno 2019ko mar. 26a, 16:16
Mugartez betetako zelaia Ezozi auzoan.

Soraluzeko mugarteena ingenieritza lan harrigarria da, lur aldapatsuetan bizi izateko modu jasangarrian egina. 

Begiratu Soraluze inguratzen duten mendi magaletara eta laster atzemango dituzu ehunka mugarte txiki zelaietan.

Norbaitek pentsa lezake, mendiari, berez, modu naturalean, sortu zaizkion zimurrak direla, baina ez da hala, gizakiek eginak dira; nekazariek mendetan zehar lursail aldapatsuak landu ahal izateko neke handiz eraiki eta mantendu dituzten egiturak: mugak edo mugarteak. 

Ingeniaritza lan harrigarria

Soraluzekoa ingeniaritza-lan harrigarria da, gizakiak ingurune naturala modu jasangarrian bere beharretara moldatzeko egin dezakeenaren adibide ikusgarria. Izan ere, Soraluzeko maldak mugartez eta hormaz josita daude. Zelaietan ageri dira batzuk, eta ezkututatuta daude beste asko, azken hamarkadetan landatutako pinadien barruan. Sinesgaitza badirudi ere, garai batean, herriko lursail aldapatsuenetako asko ere labratutako soroak ziren, eta baliatzen ziren garia, artoa, baba eta abar landatzeko -historia iturrien arabera, basoak soro bihurtzeko prozesua IX. eta XIII. mendeen artean gertatu zen-. Ondorioz, garai hartan, gaur egunean ez bezela, Soraluze ia buruaskia zen elikadurari zegokionez.

Inguru aldapatsuetan, euri asko egiten duenean, lurrak ezin izaten du ura behar bezain arin xurgatu, eta behar bezala bideratu ezean, urak lurra eroan egiten du. Zer esanik ez lurra agerian baldin badago. Ostera, bat bateko ur emariak behar bezala bideratuz gero, orohar, aldapan dauden lurretan ura errazago filtratzen da, hezetasun arazo gutxiago izaten da eta ondorioz, labrantza lanak lehenago egin ahal izaten dira eta laboreak ere hobeto hazten dira. Horixe da lur aldapatsuek duten abantaila. 

Halabaina, Soraluzeko baserritarrek lan handiak hartu behar izaten zituzten mugarte horiek egoera onean mantentzeko. Udaberriro, mugen barrenean pilatua zegoen lurra otarretan bildu eta mugaren goenera eroan behar izaten zuten.

Kanalizazio-sistema konplexua eta erraldoia

Ostera, mugarteak ez ziren lurrari eusteko sistema konplexu eta erraldoi baten ageriko egiturak baino. Izan ere, mugekin batera, ubide eta kañuak ere eraiki zituzten soroetako lurren azpian -metro bete edo gehiagora, lurra lantzerakoan eragozpenik sor ez zezaten-. Kanal horien bitartez, euri-urak bideratzen zituzten inguruko erreketara eta eragozten zuten euria egiten zuenean urak lurra eroatea.

Soraluzeko mendi magalek lur-geruza oso mehea dute arbelaren gainean eta Aldundiak argitaratutako datuen arabera Soraluze Gipuzkoako herririk aldapatsuena da. Horrenbestez, eremu euritsua izanik, soildutako guneetan, bideratu ezean, urak mendian behera eroaten du lurra.

Halabaina, Soraluzeko baserritarrek jakin zuten arazo horri errotik heldu eta irtenbidea bilatzen, eta itxura batean desabantaila zirudien aldapa, abantaila bihurtzen. Izan ere, urak behar bezala bideratuz gero, lur aldapatsuetan lauetan baino baino errazago filtratzen da ura eta ondorioz, garai euritsuen ostean bizkorrago izaten dira prest labrantzarako, hezetasun gutxiago pilatzen delako eta eguzkiak lehenago lehortzen dituelako. 

XIX. mendeko testigantza

Lucien-Louis Landek hala jaso zuen Basques et Navarrais (Paris, 1878) izeneko liburuan (260.orrialdean):  "Eibartik aurrera joanda, aurki heltzen gara Placencia-ra… Bertako lurra, oso malkartsua eta ez oso emankorra, alaia eta berdea da nekazaritzari esker. Ume txikiek, egunean zehar erreka zuloetan pilatzen den hondarra jasotzen dute ihi-otarretan; eta lur hori, kontu handiz eroaten dute mendiko bazterrik gordeenetara: eta han, ureztatzen dute eta zapaldu, eta harresi txikiak eraikitzen dituzte, ondo gorde dadin. Eta horrela, mendi magaletik zintzilik daudela diruditen lorategiak ageri dira bidearen alde bietan, zeintzuetan artaleak ere banan-banan ereiten dituzten. Halakoxea da Bergara arteko paisaia…".

Mugarteak eraikitzeko teknika

Ezagutza eta teknika ona ezinbestekoak ziren mugarteak behar bezala eraikitzeko, hormigoirik gabe, harriak elkarri lotuz altxatu behar izaten baitzituzten hormak. Horregatik, langintza horiek baserritarrik trebeenek gidatzen zituzten; noski, auzolanean gainerako baserritarrekin, garai hartan lanik gehienak egiten zituzten eran. 

Altuera ezberdinetako mugarteak eraikitzen zituzten, bete behar zuten funtzioaren araberakoak. Esaterako, baserrien arteko lur-sailak bereizteko, muga altuagoak eraikitzen zituzten.

Luzeerari zegokionean ere neurriak askotarikoak ziren, batzuk luzeagoak eta beste batzuk motzagoak. Inoiz ez alde batetik besterainokoak. Ez behintzat soroen barnekoek, pasabidea ziurtatu behar baitzuten gora eta behera ibili ahal izateko. Zenbat eta aldapa handiagoa, orduan eta txikiagoa zen mugen arteko distantzia eta hauek zuten altuera. 

Poliki-poliki desegiten

Teknika hori Soraluzen ezezik, munduko beste hainbat lekutan ere erabili izan dute modu ikusgarrian: Pirineoetan, Canarietan, Provenzan, Ligurian, Kroazian, Cretan, Egeo irletan, Afrikan, Andeetan, Himalayan… Gaur egun, halako egiturak mantendu dituzten tokirik gehienetara bisitariak joaten dira trumilka, paisaia horiek euren begiz ikustera.

Gurean ez da halakorik gertatu, ezta gertatuko ere honezkero. Oro har, pertsona gutxi batzuek izan ezik, inork ez die eman behar besteko baliorik egitura horiei, eta, ondorioz, babes eta zaintza faltaz, mendeetan zehar Soraluzeko lurrak nekazal lur emankor bihurtu zituen egitura miresgarri horiek guztiak poliki-poliki desegiten ari dira. Besterik ezean, artikulu honetara ekarri nahi izan ditugu Ana Maiztegik Esteban Laskurainen ahotik jasotako azalpen argigarriak eta Lucien-Louis Landeren kontakizun ederra.