"Genero arrakala" salatu eta "aitortu bako lana" aldarrikatu dituzte

Ubane Madera 2019ko mar. 25a, 18:25

Pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzeko inolako asmorik ez izatea, eta gobernuek pentsioen igoera duinik nahi ez izatea salatu dute gaur eguerdian pentsioen aldeko manifestazioan. Bestalde, gizonen eta emakumeen arteko arrakala azpimarratu eta bizi guztian egindako lana nabarmendu zituzten, besteak beste, Oneka plataformak barikuan egindako hitzaldian.

“Ez dugu onartzen pentsioak 10 eurotan igo diezazkigutenik hamar urtero. Ez ditugu apurrak nahi. Modu duin batean bizitzeko pentsio duinak behar ditugu. Gobernu biei gu txarto tratatu ez gaitzaten exijitzen diegu. Lehen eta orain, bizi eta lan egiten dugun herriari aberastasuna eman diogu. Kotizatu edo ez.”

Horrela aldarrikatu dituzte gaur eguerdiko manifestazioan “1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta etorkizuneko pentsioak duinak izan daitezen, 1.200 euroko gutxieneko soldata”. Eta gogora ekarri dute hori guztia lortzeko dirurik egon badagoela, adibide modura ipinita Lastertasun Handiko Trena eraikitzeak “27 milioi euroko kostua” daukala “gutako bakoitzeko”, besteak beste.

Anekdota modura, manifestazioa Patria telesaileko errodaje-taldearen ondotik pasatu denean, haiek txalo egin diote protesta ekimenari.

"Ikusezinak"

Bestalde, barikuan Onekak, Emakume Pentsiodunen Plataformak berbaldia egin zuen udaletxean, eta han ere generoen arteko arrakala salatu eta bizitza guztian egindako aitortu bako lana aldarrikatu zuten, besteak beste: “Milaka emakume gara, onartu gabeko aberastasuna sortu dugunak, ordainik jaso gabe lan egin dugunak, kotizatu ezinik bizi garenak eta horren ondorioz, gure zahartzaroan eskubide barik aurkitzen garenak”. 

"Bazterketa" hori salatu zuten, azpimarratuta, besteak beste, horrek "bakardadea" dakarrela, eta gizartearen aurrean, emakumeak "ikusezin bihurtzen" dituela.