Soraluze plato erraldoi

Ubane Madera 2019ko mar. 23a, 10:00

Askoren gusturako eta beste askoren disgusturako, atzo, barikua, Soraluze plato erraldoi bilakatu zuten ‘Patria’ telesaileko lantaldekoek. Eguerditik aurrera Etxaburueta kalean grabatzen jardun zuten eta gauera arte, Plaza Zaharrean. Bezperan, Chanoren ortuan ibili ziren, eta datorren astean, batez ere, Zubi Nagusia izango dute eszenatoki.

Aztoratuta ibil zen atzo soraluzetar bat baino gehiago Patria telesaileko grabaziokoen ondorioz. Bolia taberna Arrano bilakatuta, Etxaburueta kalean ibili ziren Soraluzeko eta inguruko estrak atzera eta aurrera, grabaziokoek Acción! esan orduko.

23:00ak arte

Arratsaldeko lehen ordurako bertan ziren jada, eta umeak eskolatik irten zirenean oraindik ere bertan zeuden, uste baino luzeago jo zien-eta grabazioak. Hortxe izan zituzten zailtasun batzuk Silencio! oihukatu eta erabateko isiltasuna lortzen ez zutenean, herritar eta ume mordoa zebilen-eta kalean eta ikusmiran.

Hain zuzen, herritar batzuk ez ziren oso pozik ibili isilik ibili behar horrekin, eta gaizki-egona erakutsi zuten. Beste batzuk, berriz, A ze giroa dagoen herrian! zioten, gustura, farandularekin. Kontuak kontu, Etxaburuetakoak eginda, Plaza Zaharrera lekualdatu ziren eta Batzoki inguruan jarraitu zuen oraingo asteko azken grabazioak, 23:00ak ingurura arte.

Datorren astean zer

Bezperan, berriz, Crecenciano Hernandez Chanoren ortuan jardun zuten 07:00ak inguruan hasi eta 19:00ak pasa arte. Eta horrelaxe ibiliko dira datozen egunotan ere, ze datorren aste osoan grabazio ugari egingo dituzte Soraluzen. Egunez egun, honakoa da plangintza:

  • Astelehenetik barikura (eguena izan ezik), Zubi Nagusian: astelehena eta martitzena, 07:30etik 18:30ak arte; eguaztenean, 10:00etatik 22:00ak arte eta barikuan, 17:30etik 04:30ak arte.
    Astelehenean, Errekaldeko autobus geltokian, 07:30etik 18:30ak arte.
  • Eguaztenean, Gabolatseko zubi txikian eta Gabolatsen, 11:00etatik 22:00etara. Eta barikuan, 17:00etatik 22:00etara.
  • Eta eguenean, 10:00etatik 22:00ak arte, Ezozibideko 4 eta 8 zenbakien artean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.