Maite Larbururen bakarkako lehen lana aurkeztu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak

Ubane Madera 2019ko mar. 22a, 12:14

“Sasi guztien gainetik eta hezur guztien azpitik, kezkak eta minak modu jostalarian aurkezten dizkigu Maite Larburuk, organiko eta biluz, ludiko bezain poetiko, egia hauskortasunaren eremuetan dagoen jakitun. Zaratari muzin, xuxurlari oles. Lantuari uko, umoreari toles”. Horrelaxe aurkeztu du Gaztelupek Hotsak Soraluzeko euskal diskoetxeak Maite Larbururen bakarkako lehen lana: Hezurren azpian. Gaur, barikua, Bergarako Seminarixoan aurkeztuko du berau, 22:00etan.

Bilbon aurkeztu dute asteon Maite Larburu kantu egile, biolinista eta abeslariaren (Hernani, 1979) azken lana, bakarka egin duen lehena. Larburu musikari bidaiaria da. Biolin jotzaile klasiko nomada ogibidez. Harkaitz Canoren esanetan, “biolinaren birtuoso bat, birtuoso izatea gehiegi axola ez zaiona (…) Bere lema: “Esan ezti edo esan gordin, baina esan dotore”.

Arrazakeriaren kontra

Euskal Herrian Neighbor taldearen kantugile eta gidari gisa egin zen ezagun musikari hernaniarra. Baina oraingoan proiektu propio eta berria dakar. Billie Holiday kantariak ezagun egin zuen arrazakeriaren kontrako Strange Fruit ereserkia abiapuntu hartuta, bakarkako lan berria sortu du: Hezurren azpian.


Larbururen estiloa eklektikoa da. Hots-jostun bat izan nahi du. Ahotsa, biolina, gitarra klasiko zein elektrikoa, ukelelea, sruti boxa... ditu musikaren osagai. Horrez gain, Carlos Taroncherren klarinete baxuak eta perkusioek lagunduko dute. Aida Torres eta Beñat Iturrioz ere perkusioekin arituko dira.

(Bideoklipa Asier Altunak egindakoa da, (Txintxua Films); argazkia, berriz, Nagore Legarretarena da)