'Irakurri Gozatu eta Oparitu', euskaraz irakurtzeko eta euskarazko liburuak oparitzeko aukera

Ubane Madera 2019ko mar. 21a, 15:40
Euskarazko liburuak liburutegiaren kanpo aldeko horman.

Maiatzaren 31ra bitartean gauzatuko da Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimenaren XIII. edizioa, baita Soraluzen ere. Hiru pauso ditu oinarri: liburutegiko euskarazko liburua irakurtzea; haren gaineko fitxa betetzea eta horri esker eskuratuko den erosketa txartelarekin, liburua erosi eta beste norbaiti oparitzea (%35 merkeago).

Euskarazko irakurzaletasuna bultzatzera dator XIII. aldiz Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimena: “Herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatuko ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Horretarako, besteak beste, parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatuz”. 

Herrian Pil-pileanek eta Udalak bultzatu dute ekimena, udal-liburutegiaren eta Iratxo goxodendaren laguntzarekin.

Zela parte hartu

Hori lantzeko, hiru pauso eman behar dira:

  • 1- Liburutegian euskarazko liburua aukeratu eta irakurri.
  • 2- Hura bueltatzean liburuaren gaineko fitxa bete.
  • 3- Liburuzainak emandako erosketa-txekea baliatuta (%35 merkeago), liburua norbaiti oparitu.


Horrez gainera, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30 euroko balioa duen txekea zozkatuko dute irakurle fitxa bete dutenen artean. Horrek ere euskarazko liburuak erosteko aukera emango du, ekainaren 15era arte.

Betalde, horrela behar duenari irakurri nahi duenaren aukeraketan laguntzeko, eskura dago 50 liburu-gomendioen zerrenda, bost adin tarteka sailkatuta. Zerrenda hori baina, ez da muga izango ez liburutegiko liburua aukeratzerakoan ez txekearekin beste bat erosterakoan, horretarako euskal literatura osoa dago eskuragai. 

Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimena Euskaltzaleen Topaguneak antolatu du ondorengo argitaletxeen laguntzaz: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela eta Txalaparta.

Ipuin kontalariak

Bestalde, ekimen beraren baitan, aurten ere ume eta gazteendako emanaldiak antolatu ditu Pil-pileanek, Korrika kulturalaren baitan:

Apirilaren 4an, umeendako ipuin kontaketa izango da, Maialen Zubeldiaren eskutik, ludotekan:

  • 1. txanda 17:00etatik 17:30era 4-6 urte bitartekoentzat
  • 2. txanda 18:00etatik 18:30era 6-8 urte bitartekoentzat


Apirilaren 12an,  berriz, Kulunkantauri 8-12 urte bitarteko gazteentzako ipuin kontaketa, Ibai Esoain-en eskutik, 18:00etatik 19:00etara bitartean, gaztelekuan.