Lanbide Heziketaren erakusleiho bilakatuko da Armeria eskola datorren astean

Ubane Madera 2019ko mar. 21a, 10:14

Abian azokaren aurkezpena Ipuruan egin zuten. Argazkia: Debegesa.

Martxoaren 27tik 29ra bitartean, Abian, Debabarreneko Lanbide Heziketa Azokaren IV. edizioa egingo dute Eibarko Armeria Eskolako patioan. Eskualdean Lanbide Heziketak eskaintzen dituen aukerak eta lan-merkaturatzeko onurak erakusgai ipiniko dituzte Debabarreneko zortzi ikastetxeek. Eskualdeko 13 enpresa industrialek ere bat egin dute ekimenarekin. 700 bat ikasleren bisita espero dute.

Lanbide Heziketak “lan-merkatuan sartzeko aukera oso onak” eskaintzen dituela nabarmendu nahi du Lanbide Heziketaren Azokaren IV. edizioak: “Enpresek bereziki eskatzen eta baloratzen dituzte Lanbide Heziketan tituludunak eta lan-merkatuan sartzeko aukerak gero eta handiagoak dira LHko ikasleentzat” nabarmendu zuen Juan Carlos Abascalek, Debegesako presidenteak ekimenaren aurkezpenean.

700 ikasletik gora

Hori abiapuntu, ikasketa horiek eskaintzen dituzten eskualdeko zortzi ikastetxeek eta eskualdeko 13 enpresak bat egingo dute Debabarreneko Garapen Agentziak antolatzen duen Abian azokarekin, martxoaren 27tik 29ra bitartean Eibarko Armeria Eskolako patioan, 10:00etatik-14:30ak arte eta eguenean arratsaldez ere bai,16:00-18:30ak bitartean. Ikastetxeen standez aparte, hitzaldiak eta doako tailerrak ere izango dira.

Debabarreneko Lanbide Heziketa Azokaren helburua da “kalitatezkoa den eta lan-merkatuaren beharretara egokitzen den lanbide heziketa gerturatzea eta izen ona lortzen laguntzea”.

Hain justu, heziketa mota horrek duen “prestakuntza-eskaintza zabala eta eskura dauden titulazio ezberdinak bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera izango dute” DBHko eta Batxilergoko ikasleek, Lanbide Heziketako ikastetxe bakoitzak bere stand propioa izango du-eta Abian azokan. Aurreikuspena da eskualde osoko 700 bat ikasletik gora joango direla hura ikustera.

Partaideak

Honako ikastetxeek parte hartuko dute azoka-erakusketan: Armeria Eskolak, IMH Makina Erramintaren Institutuak, Meka Lanbide Eskolak, Kardala Akuakultura Eskolak, Mutrikuko Institutuak, Uni Eibar-Ermuak, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutuak eta Ermua-Mallabiako Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutuak.

Eta ekimenarekin bat egin duten enpresa laguntzaileak, berriz, honakoak dira: Alcorta, Bronymec, DanobatGroup, Egile, EPC, Grupo Unceta, Haizelur, HRE Hidraulic, IK4-Tekniker, Industrias Mail, MEK Group, Sitab eta Urkotronik.

Azken horiek konpromisoa erakutsi dute Debabarreneko Lanbide Heziketarekiko, ikasketa mota horrek aukera ematen duelako “ikasleen prestakuntza teoriko-praktikoa hobetzeko eta lan-errealitatera egokitzeko, eta horrela, pertsonen enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna bultzatzeko”.

Debegesako presidente Juan Carlos Abascalek azpimarratutako moduan, “azokak bete-betean egiten du bat Basque Precision Technology District (BPTD) ekimenarekin; proiektu honek gure eskualdeko sektore industriala sendotzea du helburu, besteak beste, pertsonen kualifikazioa eta espezializazioa bultzatuz, Debabarreneko eskualdea erreferente bilaka dadin doitasun-teknologien eremuan”.  

Eta Meka Lanbide Eskolako Ikasketa-buru Kontxi Aranak ere azpimarratu zuen azokaren garrantzia, “Lanbide Heziketaren onurak ezagutzera emateko”.

Azoka egunez egun

Aurtengo jardunari dagokionez, honakoa da Abian azokaren baitako plangintza:

Asteazkenean, hilak 27, 11:00etan, irekiera ekitaldia egingo da. Besteak beste, bertan izango da Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteria sailburuordea, Marcos Muro.

Hitzaldien ostean, Debegesa garapen agentziak STEM arloko gaien eta lanbideen inguruko Debabarreneko gazteen pertzepzioaren gaineko ikerketaren emaitzak eta ondorioak aurkeztuko ditu. Debabarreneko 14-15 urteko 548 ikaslek parte hartu dute galdetegian. STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak) bokazioen inguruko ikerketa Elhuyarrekin lankidetzan burutu da, analisian genero ikuspegia txertatuz.

Bigarren egunean, ostegunez, hilak 28, azokak ondorengo saio hauek eskainiko ditu:

  • 11:00etan, enplegura bideratutako Profesionaltasun Ziurtagirien gaineko jardunaldia egingo da, Meka Lanbide Eskolak eskainia.
  • Ordu berean, 11:00etan, Debegesak Hazilan laneratze programaren seigarren edizioa aurkezteko informazio-saioa eskainiko du. Maiatzean abiatuko da. Egitasmo hau goi mailako ikasketak dituzten eta lana aurkitu ezinik dabiltzan 20-44 urte bitarteko pertsonei dago zuzenduta.
  • 12:00etan eta 16:00etan, Enplegua bilatzeko bide berriak tailerra eskainiko da.


Hirugarren eta azken egunean, hilaren 29an, 10:00etan, ikastetxeetako orientatzaileei zuzendutako saioa antolatuko da, Debabarreneko Lanbide Heziketa ezagutu dezaten. Jarraian, 11:00etan, Debegesak ekintzailetza sustatzeko tailerra emango du Nola sortu zure negozio-ideia propioa? izenburupean.

Abian azoka Debegesak antolatutakoa da, eta Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundiaren, SD Eibar Fundazioaren eta eskualdeko hainbat enpresarekin laguntza jaso du.