Padel pistaren ondoan skate-gunea egokitzeko esku artean duten aukera mahai gainean ipini dute gaur arratsaldean Soraluzeko Udalek teknikariek batzar irekira bertaratu diren gazte-adituen aurrean. Haien iritziak kontuan hartuta nahi du-eta egitasmoa gauzatu Udalak.
Ekarpenak eginda
20.000 euro inguruko aurrekontuarekin, hiru elementuz osatutako skate-parkearen proiektua aurkeztu diete, hain justu, skate-zaleei, Bergarako Labegaraieta parkean dagoenaren oso antzerakoa, baina egurrez egindakoa eta moduluka ipintzeko modukoa.
Skate-zaleek hainbat zalantza eta ekarpen egin dizkiote egitasmoari. Adibidez, eskaeretako bat izan da skate-parkea estalitakoa izatea, eta udal teknikariek azaldu diete horrek proiektuaren aurrekontua nabarmen igoko lukeela. Hezetasunaren gaia ere mahai-gaineratu dute gazteek, skate-parkea egokitzeko gunean hezetasun handia egoten delako, besteak beste.
Bada, ekarpen guztiak jasota, orain proiektua atzera ere aztergai izango dute Udalean, behin betiko proiektua erabakitzeko.