Soralucek ekoizpen planta berri bat ireki du Bergaran

Erredakzioa 2019ko mar. 20a, 12:33

Berria.eus. /Juan Carlos Ruiz-Foku.

Portal Factory deitu dio lantegi berriari, eta bederatzi milioi euroko inbertsioa izan du.

Danobat taldeko Soralucek beste fabrika bat dauka Euskal Herrian, Bergaran hain zuzen, eta dagoeneko sei dira. Mondragon korporazioko makina-erreminta ataleko etxeak bederatzi milioi euroko inbertsioa egin du Gipuzkoako herri horretan Portal Factory zabaltzeko, belaunaldi berriko makina handiak egiteko lantegia.

Neurri handiko piezak mekanizatzeko makinak dira Soralucek Bergaran egiten dituenak, ekoizpenerako ahalmen handikoak. Portal Factoryc 9.000 metro koadroko azalera dauka, eta hamazazpi metroko altuera; 80 tona arteko pisua mugitzeko garabia hartzeko gai izan da, eta horri esker, Soraluzek urrats handi bat egingo du bere makinen neurriari dagokionez.

Soraluceko zuzendari Rafael Idigorasek azaldu du inbertsio honekin "muturreko teknologiadun makinak egiteko beharrari" erantzungo diotela, industria gero eta gehiago eskatzen ari delako ahalmen handiko makinak. Dena den, Portal Factory ez da ekoizpen zentroa izango bakarrik, neurri handiko makinen ikerketa proiektuak garatuko direlako han, "neurri handiko nekanizatuan urrats gehiago egiteko". Eginkizun anitzeko makinak azpisektore estrategikoa da Soralucerentzat makina-erremintaren barruan, eta alor horretan garapen handia espero du Gipuzkoako enpresak.

Nazioartean sendo

Idigorasek esan du Bergaran zabaldu duten lantegia mugarria dela kooperatibak jarrai dezan nazioarteko merkatuetan egun duen indarrarekin, teknologiaren alorrean balio erantsiarekin eta lehiakideengandik bereiztuz. Bergarako lantegian beharrean dihardute jada langileak.

Danobat taldearen fakturazioaren %8 ikerketa eta garapeneko inbertsioarako baliatzen du kooperatibak urtero. Bergarako fabrika da estartegi horren azken adibidea. Aeronautika, energia, trengintza... hainbat dira Danonbat taldearen makinak baliatzen dituzten sektoreak eta konpainiak. Gaur egun, 1.300 langile dauzka Danobatek. Aurreko urtean lantegi bat zabaldu zuen Italian.

Elkarrizketa hau Berria.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri du Plaentxia.eus-ek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.