Bihar, eguena, Santa Ana kalean eta Olan errodatuko dute ‘Patria’

Ubane Madera 2019ko mar. 20a, 10:57

Hasi dira Patria grabatzen Soraluzen, eta datozen egunotan errodajeek eragin handia izango dute herriko hainbat puntutan. Bihar, eguena, azoka txikia Erregetxean egingo da. Horrez aparte, Santa Ana kalean eta Olan egingo dituzte grabazioak eta hango aparkaleku guztiak libre laga behar dira. Eta barikuan, Etxaburueta-Erregetxe-Batzoki inguruan ibiliko dira. Plaentxia.eus-en grabazioen eragin guztien berri zehatza emango da, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.

Atzo, martitzena, grabatu zituzten ‘Patria’ telesailaren lehen eszenak, Txurrukenen grabatu ere. Autobus baten joan-etorria grabatzen ibili ziren goizean goizetik. Eta Txurrukeneko beheko partean zein Plaza Zaharrean izan zituzten lantaldekoen cateringak eta ibilgailuak aparkatuta.

Soraluzeko estra batzuek ere estreinaldia izan zuten atzoko jardunean. Eta bitxikeria moduan, Ertzaintza eta guzti izan zen bertan, tarteka saihesbideko zirkulazioa etenaz, grabazioak egin ahal izateko.

Atzokoak eginda, datozen egunotan beste grabazio hitzordu ugari egin dituzte Soraluzen. Eta eragin handia izango dute udalerriaren egunerokoan. Egunez egun, honako plangintza egin dute:

Eguena, martxoaren 21:

Plaza Zaharra: goizean goizetik bertan aparkatuko dituzte kamioiak. Ondorioz, azoka txikia Erregetxean izango da. Beraz, lekua egin behar zaio azokari bertako ibilgailuak goizeko lehen ordurako erretiratuta.

  • Santa Ana kalean: bertako 24-26 zenbakien artean egingo dituzte grabazioak. Bertan aparkatuta dauden ibilgailu guztiak erretiratu egin behar dira bihar 15:30etik-18:30era. (Argazkian)
  • Ola: Crecenciano Hernandezen, Chano-ren ortuan grabatu behar dute. Ondorioz, Olako aldapa osoan eta beheko partean aparkatuta dauden ibilgailuak erretiratu egin beharko dira.
  • Erregetxea: arratsaldean erabiliko dute Erregetxearen zati bat, eta 17:30erako goiko partean aparkatutako ibilgailuak erretiratu egin behar dira (argazkian).

Barikua, martxoaren 22:

  • Etxaburueta: Bolian eta inguruan egin behar dituzte grabazioak. Horrek eragina izango du Etxaburueta kaleko joan-etorrian. Eta Erregetxeko aparkalekuko beheko bi ilarak libre laga behar dira goizerako.
  • Kalebarren: Batzokian eta inguruan egin behar dituzte grabazioak. Eta eragina izango du bertako joan-etorrian.


Horiek, bada, oraingo asterako aurreikuspenak. Datorren astea, berriz, intentsuagoa izango da, bereziki, zubi Nagusian, ia egunero grabatuko dutelako bertan; eta horrez aparte, udalerriko bestelako kokagune batzuetan ere jardungo dute. Arestian esandako moduan, Plaentxia.eus-en bitartez egunez eguneko informazioa helaraziko dugu, herritarrak jakinaren gainean egoteko.

(Argazkiak: Jorge Noguerales eta Ubane Madera).