300 kazetari eta eragilek ARGIAren aurkako epaiketa bertan behera uzteko eskatu dute

Erredakzioa 2019ko mar. 18a, 14:30
Dagoeneko 200 lagunek eskatu dute epaiketarik ez egiteko.

Pil-pilean Herri Komunikabideak ere bere babes osoa adierazi nahi dio Argia astekariari eta bertako langile den Lander Arbelaitz kazetariari. 

Martxoaren 20an ARGIAko kazetari Lander Arbelaitzek Donostiako epaitegira joan beharko du deklaratzera bi ertzainek bere aurkako salaketa jarri zutelako, irainak egotzita. Arbelaitzek informatu zuen bi agente horiek nola urratu zituzten herritar baten hizkuntza eskubideak. Epaileak ebatzi beharko du epaiketa egingo den ala ez. 300 kazetari eta eragilek babesa adierazi diote ARGIAri, eta epaiketarik ez egiteko eskatuz martxoaren 20an epaitegi aurrean egingo den kontzentraziora deitu dute.

Euskal Herriko 100 kazetari baino gehiagok –baita nazioarteko batzuek ere– ARGIAri babesa adierazi diote epaiketa honen harira. Hedabidearen izenean batzuek –Hekimen elkartea osatzen duten euskarazko hedabideek edo La Directa kataluniarrak, batzuk aipatzearren–, eta beren izenean manifestuari atxikimendua adierazi diote 44 komunikabide ezberdinetako kazetariek. Argia.eus webgunean topatuko du irakurleak zerrenda osoa.

Kanpaina hasi besterik ez da egin, atxikimendua eman nahi duenak argiak100urte@argia.eus helbidera idatzi behar du. Proiektu hau babestu nahi duenak hemen egin dezake kidetza.

 

Pil-pileanen babesa

Pil-pilean Herri Komunikabideak eta bertan lan egiten dugun Ubane Madera eta Egoitz Unamuno kazetariok gure babes osoa adierazi nahi diogu Argia astekariari eta bertako langile den Lander Arbelaitz kazetariari. Eskatzen dugu ez dadila epaiketarik egin eta errespetatu dadila kazetarion lana.