‘Patria’ telesailerako lantaldea osatuta, grabatzen hastera doaz

Ubane Madera 2019ko mar. 15a, 16:19
Telesailean parte hartuko duten aktoreetako batzuk.

Patria telesailean parte hartuko duen lantalde osoa lotuta, grabazioak datorren astean hasiko dituztela konfirmatu du gaur, barikua, HBO plataformak. Soraluzen, Elgoibarren, Donostian eta Madrilen errodatuko dute telesaila. Eta Soraluzen, martitzenerako jarri dute lehen hitzordua.

Txurrukenen egingo dute Patria telesailaren Soraluzeko lehen grabazioa, datorren martitzenean, herrira sartzen den lehen errepide zatian. Dagoeneko seinaleak ipinita daude bertako aldapan eta inguruetan, jakinarazten martitzeneko 07:00etarako ibilgailu guztiek erretiratuta egon behar dutela bertatik. Horrela ezean, garabiarekin eramango dituzte.

Izan ere, eta azken orduko aldaketarik ez bada, herri sarrerako errepidean grabazioak egin behar dituzte martxoaren 19an, goizean hasi eta 18:00ak bitartean, gutxienez. Eta libre laga behar da zati hura guztia. Horrez aparte, egun horretako grabazioetarako beharko dituzten azpiegituretarako erabiliko dituzte frontoia aparkatzeko, eta Ezoziko Futbol Zelaia cateringerako.

Bestalde, bihar, zapatua, baserritarren azoka kontzejupetik lekuz aldatuko da eta Plaza Berrian ipiniko dituzte postuak, kontzejupea ‘Patria’-ko dekoratu bilakatu delako.

Irureta, Gabarain, Laskurain, Sagardoi…

Telesailari dagokionez, HBO plataformak jakinarazi du Ane Gabarain eta Elena Irureta aktoreekin batera, beste honako hauek ere jardungo dutela: Loreto Mauleonek, Susana Abaituak, Mikel Laskurainek, Jose Ramon Soroizek, Eneko Sagardoik, Iñigo Aranbarrik eta Jon Olivaresek. Eta errodajea egingo dutela Soraluzen, Elgoibarren, Donostian eta Madrilen.

Telesailak hiru hamarkadatan gertatutako istorioa kontatzen du. Euskal gatazkan oinarrituta dago eta gatazkaren ondorioz elkarren kontra bizi diren bi familien istorioa du ardatz. Bittori (Elena Irureta) alargundu egiten da ETAk Txato (Jose Ramon Soroiz) senarra hiltzen dionean. Atentatuaren ondoren, gainera, apurtu egiten da ordura arte lagun-min zuen Mirenekin (Ane Gabarain) zuen harremana; preso dagoen ETAkide baten ama da Miren.

Soraluze bi familiem bizitokia

Hori guztia Soraluzen irudikatuko dute, besteak beste, zortzi kapitulutan, datozen hilabeteotan, bi familien bizitokia bilakatuko dute-eta. Eta irudikatuko dute zela bizi zuten egunerokoa 80.-90. hamarkada udalerrian; atentatua bera ere Soraluzen grabatuko dute. Beraz, hilabete amaieratik Soraluzeko kaleetan erraza izango da euskal aktore ezagunekin topo egitea. Eta haien artean ibiliko dira, zela ez, Soraluzeko amateurrak.

Telesailaren ekipo teknikoari dagokionez, Felix Viscarret eta Oskar Pedraza izango dira zuzendariak; Clara Bilbao izango da jantzien ekoizpen zuzendaria; Alvaro Gutierrez argazki zuzendaria izango da eta produkzio diseinuaz arduratuko da Juan Pedro de Gaspar; ile-apaintzaile eta makillaje lanez arduratuko dira Karmele Soler eta Sergio Perez; eta Alberto del Campo eta Victoria Lammers, berriz, izango dira muntatzaileak.

HBO Europek grabatuko duen gaztelaniazko lehen telesaila izango da ‘Patria’. 2019an grabatu eta 2020an estreinatzea da aurreikuspena, HBO Europen eta HBO Latino Amerikan, bietan batera. Pagoeta Mediak (Alea Media) produzituko du.  

Telesaila Fernando Aranbururen Patria eleberrian dago oinarrituta. 2016an argitaratu zuen. Bere garaian, oihartzun mediatiko handia lortu zuen liburuak, eta baita sariak eta kritikak ere. Soraluzen ere denetariko iritziak eragin ditu.