Grabatuak salgai Debako Arte Eskola berri baten aldeko jardunaldiak finantzatzeko

Egoitz Unamuno 2019ko mar. 15a, 08:53
Grabatua, Santa Ana kaleko eskaparatean.

Orain dela hilabete batzuk Debako Arte Eskola ixtea erabaki zuen Debako udal-gobernuak. Ostera, eskolako irakasleek, beste hainbat artistaren laguntzarekin, "eskola berri berpentsatu eta eraikitzeko" jardunaldiak antolatu dituzte martxoaren 23rako eta grabatuak jarri dituzte salgai jardunaldiok finantzatzeko. Soraluzen ere bai.

Duela pare bat hilabete sortu zuten Arte Eskola Bizirik taldea, Debako egungo udal-gobernuak arte eskola ixtea erabaki eta gero. "Lehenik eta behin balorea eman nahi diogu Debako Arte Eskola  izan denari, euskal kultura eta lurraldean egin duen ekarpenari. Jorge Oteizak, 70. hamarkadan bultzatutako eskola esperimentaletik hasi eta  eskulangintzako ofizioen transmisioaz  arduratu den bigarren eskolaraino, non, harri eta egur taila, grabatu kalkografikoa, brontze fundizio artistikoa eta zeramika lantzen dituzten hainbat profesional formatu diren". Tartean, plazentziatar batzuk, esaterako, eskultura eta ilustrazioa landu dituzten Tere Guenetxea eta Pablo Galarraga.

Taldeak, eskolaren aldeko mezua zabaltzearekin batera, Debako Arte Eskola atzo eta bihar izeneko egun osoko jardunaldia antolatu du Deban, martxoaren 23an. Jardunaldi horretan hainbat artistak parte hartuko dute: Zuriñe Gredilla ikasle ohiak, Baroja Collet artista eta irakasleak, Gregorio Diaz Ereño Oteiza Museoko zuzendariak, Koldobika Jauregi eskultoreak, Dinamoa Azpeitiko sortzaileen guneak eta Iñaki Uriarte arkitektoak. Antolatzaileen asmoa da jardunaldion bitartez proiektu artistiko berri baten oinarriak zehaztea.

"Uste dugu ezin dela bertan behera geratu orain arte izan den guztia, eta beharrezkoak diren saiakera guztiak egingo gaurko behar eta interesetara egokituko den arte eskola berri bat berpentsatu eta eraikitzeko. Izan ere, artearen izaera eraldatzailean sinisten dugu. Arteak munduarekin erlazionatzeko beste forma bat eskaintzen digu, beste pentsatzeko  modu bat, jakintza ezberdin bat. Arteak balio du gugandik eta gure kezkez hitz egiteko, pentsamendu kritikoa eraikitzeko, jakintza sentsiblea lantzeko".

Grabatuak salgai Soraluzen

Jardunaldiak finantziatzeko helburuz, salgai jarri dute Luis Baroja Collet artistak egindako grabatua, 50 eurotan. Soraluzen ere eros liteke -Santa Ana kaleko eskaparate batean dago ikusgai-. Interesa izanez gero, deitu 645728698 telefonora.